Bihartik aurrera lan baja eskatu ahal izango da hileko mingarriarengatik

Hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea izango dute min hori pairatzen duten emakumeek

Ekainaren lehenetik aurrera eskatu ahal izango da hileko mingarriagatik gaixotasun baja | Argazkia: iStock Ekainaren lehenetik aurrera eskatu ahal izango da hileko mingarriagatik gaixotasun baja | Argazkia: iStock

Ekaina hastearekin batera, lan eskubide gehiago izango dituzte Hego Euskal Herriko emakumeek. Izan ere, bihartik aurrera, gaixo baimena eskatu ahal izango dute hileko mingarria izateagatik, abortuagatik, eta haurdunaldiko 39. astetik aurrera. Aldi baterako ezintasun berezi gisara sailkatuko dute lan baja.

Hilekoari lotuta, arauak mingarritzat jotzen ditu endometriosia, miomak edota obario polikistikoak. Horiek eragindako hileko ezgaitzaileak dituzten emakumeei zuzendutako legea da. Halako kasuan dauden emakumeek familia medikura jo ahal izango dute gaixo baimena eskatzera. Baja hori lehen egunetik jasoko dute, eta Gizarte Segurantzak ordainduko du osorik. Langileei ez zaie beste baja batzuetan eskatu ohi duten aurretiazko kotizaziorik eskatuko. Hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea izango dute.

Bestalde, higiene menstrualerako produktuak doan banatuko dituzte institutuetan, gizarte etxeetan edota kartzeletan, pobrezia menstrualari aurre egin asmoz.

Abortuari lotuta, haurdunaldi eteteak eragin ditzakeen ondorio fisiko eta psikologikoez sendatzeko baja eskatzeko aukera izango da. Baita haurdunaldiagatik ere, 39. astetik aurrera. Bi kasuetan, enpresak lehen baja eguna ordainduko du, eta hortik aurrerakoa Gizarte Segurantzak. Haurdun dagoenari aurretiazko kotizazioa eskatuko zaio, ez, ordea, abortua izan duen emakumeari.

Otsailaren 16an onartu zuen Abortuaren Legea Espainiako Kongresuak aipatutako neurriekin, eta ekainaren lehenarekin batera jarriko da indarrean.

Ipar Euskal Herrian ez da onartu oraindik halako lan geldialdirik, baina Frantziako Estatuan ere gaiaren inguruko gogoetak eta eztabaidak abiatu dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK