Tradizioa, jai-giroa, argiztapena, “sorpresak”… orotariko ekitaldiak izango dira aurten ere Bilboko hirian zehar, abendu hasieratik hasi eta urtarrilaren lehenengo astera bitartean. Bilbao Gabonak egitaraua gero eta handiagoa eta askotarikoagoa da, eta urtez urte berrikuntza zantzuak erakusten ditu.
Aurten ere Udala ez da atzean geratu, eta bestelako eragileekin elkarlanean ehunka jarduera antolatu ditu: “Bilbotarrentzat eta bisitatzen gaituztenentzat hiria edertzeaz gain, jarduera ekonomikoa bultzatzen da”, azaldu du. Duela egun batzuk, azaroaren 26an, zapaldu zen argiak pizteko sakagailua eta hasiera eman zitzaien hasiera Gabonei: 1.500.000 led argi baino gehiago piztu ziren.
“Txoko guztietara iristen den” eta “inklusiboak” zein “bereziak” diren Gabonak prestatu nahi izan dituzte, haur, gazte zein helduek hiriaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Azokan zehar irristaketan
Urteroko legez, Areatzako kaian 800 metro karratuko izotz pista ekologikoa izango da, azaroaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean; eguraldi txarra eginagatik irristaketan jarraitu ahal izango du nahi duenak, %60 baino gehiago estalita egongo delako. Bertara sartzeko hiru urtetik gora izan beharko dira, baina 7 urte baino gutxiago dituztenak lagunduta patinatu beharko dute. Lau euroren truke ordu erdiz egon ahalko da izotz gainean bueltaka. Antzeko prezioa izango du Erripako kaian izango den izotz sintetikozko txirristak: hiru euroren truke lau aldiz irristatzeko aukera izango du hala nahi duenak.
Aurten, ordea, nobedade bat izango da: izotz pistan gaueko paseak ere egingo dira, 21:00etatik 22:30era, musika eta abestien erritmoan patinatzeko.
Azokek ere, urtero moduan, beren lekua izango dute. Gabonart Bilboko Artisautza Azoka, adibidez, abenduaren 12tik urtarrilaren 5era bitartean egingo da, honako hau ere Areatzako kaian.
Azaroaren 26an, zapaldu zen argiak pizteko sakagailua eta hasiera eman zitzaien hasiera Gabonei: 1.500.000 led argi baino gehiago piztu ziren
Merkatuekin jarraituta, Casilda Iturrizar parkean kokatuko da Gabonetako Merkatua, zeinak 35 etxola izango dituen, alegia, iaz baino 9 gehiago. 2025eko abenduaren 5etik urtarrilaren 5era izango dira etxolak zabalik, orotariko produktu eta zerbitzuak eskainiz. Merkatua bisitatzen duenak, ordea, izango du etxolez gain zer ikusi: Baso Magikoa piztuko da parkean bertan, euskal mitologiaz inspiratutako gunea. Are gehiago, egun zehatz batzuetan ipurtargiak eta galtzagorriak iritsiko dira parkera eta bisitariak agurtuko dituzte.
Gainera, gune bereko pergolaren ondoan oholtzara igoko dira zenbait musika talde: Kodály Musika Eskola North Strings, Elaine Ensemble… eta antzezlanak zein euskal dantza erakustaldiak ere egingo dira, doanik. Gose denak ez du urrutira joan beharrik izango: food truckak izango dira parkean, “askotariko eskaintza gastronomikoarekin”.
Casilda Iturrizarren jatea baino hirian zehar pintxo bat jatea nahiago duenak, eskaintza zabala izango du. Izan ere, Bilboko Udalak ostalaritza-lokalen itxiera ordutegia luzatuko du, eta zabalik egoteko aukera izango dute normalean baina bi ordu gehiagoz. Gainera, merkataritzari laguntzeko helburuarekin, zenbait kale komertzial argiztatzeko dirulaguntzak ere eman ditu Udalak, eta argigarriak nonahi ikusi ahal izango dira.
Kulturaz blai
Arestian aipatutako Casilda Iturrizar parkeko ekitaldiez gain, kulturaz gozatzeko beste hainbat parada ere izango du Bizkaiko hiriburura doan edonork, Udalak Kultur Gabonak egitasmoaren baitan zenbait egitasmo antolatu dituelako: orotariko antzerkiak, bakarrizketak, familia giroko ikuskizunak, ikuskizun parte-hartzaileak, dantza ekitaldiak, bertso saioak… Kontzertuak ere nahi haina izango dira Bilboko zortzi barrutietan zehar.
Kulturguneek ere beraien egitarau propioak argitaratu dituzte, eta eskaintza anitza eskainiko dute. Arriaga Antzokian, esaterako, Cirque du Soleilen familiako Slava Polunin pailazoaren ikuskizuna izango da abenduaren 26tik 30era bitartean; besteak beste, urtarrilaren 6an Neomakek kontzertua egingo du antzokian, eta bi antzerki ere estreinatuko dira Gabonetan zehar.
Bilboko Berreginen Museoak “ikus-entzunezko esperientzia limurtzailea” antolatuko du, eta planetarioak ateak zabalduko ditu abenduaren 27 eta 28an.
Azkuna Zentroan erakusketa izango da ikusgai, eta Mediateka Gabonetan 2025-2026 programa ere landuko da 6 eta 12 urte bitarteko publikoarentzat, zeintzuek “material eta hainbat arte-mintzairekin egindako esperimentuen bidez, sorkuntza garaikidera hurbilduko diren”.
Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak bisitan
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 23an iritsiko dira hirira, arratsaldeko 17:30 inguruan, eta kalejiran emango dute hiritik paseoa. Ez dira protagonista bakarrak izango, galtzagorri kuadrilla ere bertan izango baita, Moyua plazatik Arriaga plazara bidea eginez. Horrez gain, eguna amaitzeko musika ikuskizuna egingo da Arriaga plazan.
Protagonistek atsedena hartuko dute gau horretan, baina abenduaren 24an bertan haurrei harrera egingo diete; horretarako aurrez txartelak online erreserbatzea ezinbestekoa izango da, abenduaren 22tik aurrera.
Gabon eguna pasata, urtarrilean beste pertsonaia batzuei emango zaie ongietorria: Meltxor, Gaspar eta Baltasar urtarrilaren 5eko goizean iritsiko dira Udaletxera, eta hirukoteak ere haurrak agurtuko ditu; kasu horretan ere txartelak online erreserbatu beharko, urtarrilak 30etik aurrera. Arratsaldean egingo dute hauek desfilea, Kale Nagusia zeharkatuta Udaletxeraino, non hiritarrak agurtuko dituzten.