Mende laurdena pasa da jada bilbaoDendak plataforma sortu zenetik, eta 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu zuten atzo arratsaldean BBK Aretoan. Bertan bildu ziren hainbat eta hainbat eragile, sektoreko profesional eta ordezkari, bilbaoDendaken orain arteko ibilbideaz eta etorkizunaz hausnartzeko.
Izan ere, gauzak asko aldatu dira 2000. urtetik, eta merkataritzan ere sektorea eraldatuz joan da pixkanaka: saltoki handi gero eta gehiago, online salmenten gorakada, globalizazioa, kontsumo ohitura berriak, pandemia bat... BilbaoDendakek, Bilboko merkataritzaren eraldaketaren bideratzaile lanetan, zenbait proiektu egin ditu urteotan, eta atzo horietako batzuk gogoratu zituzten: Tokiko Merkataritzaren Txartela, HemenGO Shopping programa, bilbaoDendaken webgunea… Rafa Gardeazabal presidentea “oso harro” agertu zen atzo “norabide berean ahaleginak, ilusioak eta konpromisoa batzen dituen kolektiboaz”.
Gardeazabalek tokiko merkataritzaren garrantziaz hausnartu zuen, eta gogoratu zuen enplegua eta aberastasuna sortzen duela, baita “hiria sortzen duela” ere. “Tokiko merkataritza BPGaren %11 da”, gaineratu zuen. “Bilboko merkataritzak historia du, oraina du eta, batez ere, etorkizuna du, elkarrekin eraikiko dugun etorkizuna, honaino ekarri gaituen ilusio berarekin”.
Urteurren ekitaldiari hasiera eman zitzaion Swingtronics zuzeneko musikarekin eta koktelekin, “giro ona eta umorea nagusi” zirela. Amaia Arkotxa aktoreak gidatu zuen zeremonia, eta plataformari buruzko bideoa ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Hitza hartu zuten hainbat eragilek, Bilboko alkateak barne, zeinak esan zuen bilbaoDendaken lanari esker Bilbo “bizitzaz, esperientziaz eta nortasunez betetako espazioa” dela.
