Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei bideratutako jardunaldia abiatu du Bilboko Merkataritza Ganberak, lurraldeko enpresen lehiakortasuna eta erresilientzia indartzeko asmoz. EHUko Familia Enpresen Katedrarekin eta Ekonomia Sustatzeko sailarekin lankidetzan antolatutako hitzaldi zikloak hala izena du: Enpresa Prestatua 2026: Aurrea hartzea, betetzea eta erabaki estrategikoak zure ETEa indartzeko.
Lehen saioa ostiralean egingo da, maiatzaren 15ean, Bilboko Ganberaren egoitzan; doakoa izango da, nahiz eta bertaratzeko aurrez izena eman beharko den. Borja Castiella eta Sergio Baña izango dira lehen jardunaldia gidatuko dutenak, Lawesomeko Krisien eta Gatazken Arloko kideak biak ala biak. “Modu praktikoan, 50 langiletik aurrera sortzen diren eskakizunak jorratuko dira, hala nola, informaziorako barne-kanal bat ezartzea, berdintasun-planak, soldata-auditoriak edo Datuak Babesteko Ordezkari bat izendatzea, baita administrazio-organoaren erantzukizunak eta lotutako arriskuak ere”, azaldu dute.
Hurrengo jardunaldia ekainaren 12an egingo da, Prebentzioa defentsarik onena bezala: zure enpresaren egonkortasuna ziurtatzea krisi baten aurrean izenburupean. Beste bi hitzaldi ere antolatu dituzte jada, irailean eta urrian egingo direnak.