
Kontzertuak. Errezitaldiak. Opera. Antzerkia. Dantza. Erakusketak. Eskulturak. Margolanak. Argazkigintza. Ikus-entzunezkoak. Zinemagintza. Literatura. Liburu aurkezpenak. Kultura, ondarea eta hezkuntza. Gozamena, hausnarketa eta parte-hartze soziala. Bilboko karriketan barrena sormen industrien topagune ugari daude urtean zehar. Programazioa zabala da. Anitza.
Txikiak, ertainak, handiak eta oso handiak dira. Denetarik dago. Guztiek sortzen dute eragina hirian. Guztiak dira fruitu eta erein beharreko hazi. Guztiek dituzte ondo egindako lana eta hobetzeko alderdiak. Batzuen helburua biziraute hutsa da. Aldarrikapen sozialak egitea besteena. Beste batzuk urtetik urtera jende gehiago biltzen dute. Gozamenerako prestatuak. Badira etxekoagoak direnak eta badira, noski, globalagoak. Esaera zahar batek dioen bezala, zenbait buru hainbat aburu.
Bilboko Udalak kultura arloan hiri erreferentea bilakatu nahi du. Turismo kulturala eta sortzailea bultzatu. Industriari sostengua emanez hiria garatu. BBK Live, BIME, Bilbao Blue Fest, BBK Bilbao Music Legends Fest, Musika-Música, ZINEBI, FANT, JA! Festival, BBK Mendifilm Bilbao Bizkaia, Thinking Football Film Festival, ZINEGOAK, Seriesland, BAD, Dantzaldia, Guggenheim eta Arte Ederrak Museotako erakusketak, Bilbao Basque Fest, Bilbao Gabonak. Zerrenda amaigabea da. Asko eta askotarikoak dira. Norberak bere izena. Izana. Oraina. Etorkizuna.
Kultura-jaialdiak eta hiriaren hazkundea
Artearekiko eta kulturarekiko tradizio handia du Bilbok. Hiriaren identitatearen parte da. Kultura, historia eta istorioak dira. Identitatea, baloreak, hezkuntza, hazkuntza, kohesio soziala. Herria egitea. Gizartea eraikitzea. Ekonomian eragitea.
“Azken hamarkadetan Bilbok bere ekonomiaren oinarria aldatu du. Industriatik zerbitzuetara igaro da. Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, Alhondiga Bilbao, Guggenheim Bilbao, Campos Antzokia, Kafe Antzokia, Bilbo Rock, BBK aretoa, Santana Aretoa… dira, besteen artean, horren erakusle. Espazio kultural horietan urte osoko eskaintza dago, espazio irekietan dagoenaz haratago. Arteari eta kulturari balioa ematen zaio lurraldean”, adierazi dute hiriko hainbat jaialdi antolatzen dituen Last Tourretik.
Bilboko Udalak kultura arloan hiri erreferentea bilakatu nahi du. Turismo kulturala eta sortzailea bultzatu. Industriari sostengua emanez hiria garatu
Horrek, zuzenean, Bilboren posizionamenduan eragiten du. Ekimen horiek guztiek inpaktu ekonomikoa sortzen dute hiriburuko balio katean. Ostalaritzan zein merkataritzan, bestelako sektoreetan, baita ekitaldien antolakuntzak bermatzeko hornitzaileetan ere.
“Esaterako, Bilbao BBK Live jaialdiak 10 milioi euroko inbertsioa suposatzen du. 2025ean, itzulkin ekonomikoa 23,5 milioikoa izan da. Horri gehitu behar zaio gure hornitzaileen %90 baina gehiago bertako enpresak direla. Jaialdiaren astean zein aurrekoetan, zeharkako 3.000 lanpostu inguru sortzen ditu BBK Live jaialdiak”, zehaztu du Last Tourrekoek.
Last Tour: "Bilbao BBK Live jaialdiak 10 milioi euroko inbertsioa suposatzen du. 2025ean itzulkin ekonomikoa 23,5 milioikoa izan da"
Bistakoa da, ordea, ekitaldi handiek eragin negatiboa ere badutela auzotarrentzat. Kirolak eta kulturak jende multzo handiak mugitzen dituzte eta bertakoei zuzenean eragin. Sortzen duten nahasmenean ere arreta ipini behar da. Zarata, auzoaren eta garraioaren saturazioa, lekuen eraldaketa, etab. Eragozpen ugari. Horiek aurreikustea eta elkarlanean lantzea gako. “Gure kasuan, gure ekarpena egiten saiatzen gara eta jaialdia egiten den eremuko auzo-elkarteekin lankidetzan aritzen gara hainbat esparru lantzeko”, argitu dute.

Bilakaera eta erronkak
Kultura jaialdiak hazkundean daude. Motor ekonomiko gisa egonkortu dira. Kultura industria sektore ekonomiko indartsua bilakatu da. Ziurgabetasun ekonomikoak eta geopolitikoak arrisku iturri dira aurreikusi ezin den gizarte honetan. Digitalizazioa eta teknologia berriak, finantzaziorako metodo berriak, sektorearen profesionalizazioa, prestakuntza, talentua erakartzea eta jasangarritasuna erronka nagusi.
Kulturak amets egiteko aukera eskaintzen du. Sentitzeko, pentsatzeko, ekiteko. Kulturaren sektore ekonomiko honetan bidea egiten jarraitu behar da. Mundu aztoratu honetan giza eskubideen errespetuan oinarritutako balioak zabaltzen dituen sektorea indartu. Sustatu. Kultur jaialdien bidez kale, auzo, herri, hiri, eskualde eta herrialde hobeagoak eraiki. Pertsonak hazi eta hezi. Tokikoa erdigunean ipinita. Bertako esentzia mantenduta. Ingurunea errespetatuta. Etorkizun justuago baten alde.