700 eta 800 milioi euro artean erabiliko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko metroan inbertitzeko: unitate berriak ekarriko dira eta komunikazio sistemak berrituko dira, besteak beste. Hala jakinarazi du gaur Elixabete Etxanobek, Bizkaiko diputatu nagusia eta Bizkaiko garraio partzuergoko presidentea denak, metroaren 30. urteurrena dela-eta Eneko Arruebarrena metroko zuzendari kudeatzailearekin batera egindako agerraldian.
“Prozesu konplikatua” denez, urte bukaeran aurkeztuko du aldundiak txosten teknikoa, eta bertan zehaztuko dira metroaren “bigarren belaunaldiak” izango dituen ezaugarriak. Etxanobek esan duenez, aldundiak finantza plan bat prestatu du inbertsio osoaren erdia nola egingo den zehazteko.
Berrikuntzak helburu du “30 urte hauetan Bizkaiak bizi izan dituen aldaketa demografikoei erantzuna” ematea, besteak beste, Uribe Kosta bezalako zonetan, “non biztanleria hazi egin den eta beharrak handiagoak diren”, azaldu du Etxanobek. Gainera, Arruebarrenak jakinarazi du ekoitziko diren 37 unitateak gai izango direla unean uneko informazioa helarazteko eta kontsumoa %35 murriztuko duten.