• EKONOMIA
  • Bilboko portuaren trafikoa %6,8 apaldu zen iaz

Bilboko portuaren trafikoa %6,8 apaldu zen iaz

Portuaren konektibitatea, deskarbonizazioa eta digitalizazioa hobetzeko zenbait inbertsio egin ditu Bilboko Portu Agintaritzak eta aurreikusten du horien inpaktua aurten sumatzea

Bilboko Portu Agintaritzaren ordezkariak gaurko agerraldian | Bilbao Port
Bilboko Portu Agintaritzaren ordezkariak gaurko agerraldian | Bilbao Port
2026eko otsailaren 26a - 14:39

32 milioi tona baino gehiago mugitu zituen iaz Bilboko Portuak, 2024an baino 2,3 milioi tona gutxiago (%6,8ko jaitsiera). Bilboko Portu Agintaritzak azaldu duenez, jaitsiera hori Petronorren jardunak maiatza eta uztaila bitartean izandako etenaldiagatik jazo da. Hala, 2025eko bigarren seihilekoan, iazko epe berean baino %1,5 tona gehiago garraiatu dira portuan.

 

Bilboko Portu Agintaritzak gaur eman du 2025ko ekitaldiko emaitzen berri, eta azaldu dute trafikoa zertxobait apaldu bada ere, aurrerapen handiak egin dituztela estrategikotzat dituzten hainbat proiektutan. Egitasmo horiek portuaren konektibitatea, deskarbonizazioa eta digitalizazioa hobetzea dute xede eta Bilbao Porten arabera, horien lehen inpaktua aurten ikusiko da.

Petronorren etenaldiaz gain, tentsio geopolitikoek ere portuaren trafikoa baldintzatu dutela aitortu dute gaur Bilbao Porteko ordezkariek. Azaldu dutenez, esportazioak %13 murriztu dira eta inportazioak %4.

 

Trafikoaren jaitsiera nabarmenenak hiru hidrokarburotan eman dira: petrolio gordinaren trafikoa %13 murriztu da, 1,3 milioi tona gutxiago inportatuta; gasolioa 557.150 tonatan gutxitu da 2024aren aldean, eta gasolina, aldiz, 121.208 tona. Bestalde, gas naturalaren inportazioa %5 handitu da.

Esportazio gehienak (%14) Erresuma Batura egin dira, eta gainerako merkatu nagusiak Herbehereak, Espainia, Belgika eta Frantzia dira. Inportazioei dagokionez, AEB da Bilboko portuaren merkatu nagusia. Haren atzetik Brasil, Mexiko, Errusia eta Herbeheretatik egin dira inportazio gehien.

Gauzak horrela, Estatu Batuak gas naturalaren lehen merkatua bilakatu da portuarentzat, 2024an gas-trafiko osoaren %15 inportatzetik 2025ean %49 inportatzera igaro baita. Errusia gainditu du 2024ean gas mugimenduen %77 izatetik %48 izatera pasa delarik. Hala ere, Estatu Batuetara egindako esportazioak %38 jaitsi dira, eta nabarmentzekoa da produktu kimikoetan (%43) eta makina-erremintan (%16) izandako beherakada.

Inbertsio handiak egiten jarraitzeko egoera ekonomiko-finantzarioan

Bilboko portuaren negozio zifra 77 milioi eurokoa izan da 2025ean, urtebete lehenago 76,7koa izan zenean. EIB Europako Inbertsio Bankuarekin 30,9 milioi euroko zorra du. Halaber, portuaren altxortegia 73,8 milioi eurokoa da, eta Ebitda 35,2 milioikoa.

Bilboko Portu Agintaritzak azaldu duenez, portuaren egoera ekonomiko-finantzarioak aukera ematen du azpiegituran, digitalizazion eta trantsizio energetikoan inbertsio handiak egiten jarraitzeko. Horretarako, 80 milioi euroko gordailua jaso dute EIBren eskutik eta 34 milioi euroko dirulaguntzak Europako Batasunetik.