
Ricardo Barkalak Bilboko Portu Agintaritzako presidente izateari utziko diola iragarri du gaur. Zazpi urtez izan da erakundeko presidentea eta bere erabakia izan dela argitu du, “tripulazio berri” bati bidea uzteko asmoz.
Gurutzaontzien trafikoaren gaineko prentsaurrekoa baliatu du Barkalak bere erabakiaren berri emateko. Imanol Pradales lehendakariari idatziz azaldu dio hartutako erabakia, eta “trantsizio ordenatu” bat egin nahi duela nabarmendu du. Hala, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak datorren ekainean hautatuko dute presidente berria.
"Niretzat garrantzitsua da, portuan eta beste kargu batzuetan izan dudan ibilbide baten ondoren, egoeraren irakurketa bat egitea eta noiz utzi behar dudan jakitea", kontatu du Barkalak. Aho zapore “gazi-gozoa” duela aitortu du, nahiz eta “erabaki egokia” hartu duela irizten dion.
2018ko uztailea izendatu zuten presidente Barkala, eta zazpi urteen gaineko balantzea egin du, gorabehera ugari izan direla nabarmenduz, hala nola, pandemia edota Brexit-a (Erresuma Batua da portuaren itsas merkatu nagusia). Hala ere, prozesu hori “ondo” egin dela esan du, “alde guztien arteko lankidetza” egon zelako eta "ondo planifikatu" zutelako, eta, beraz, arrakastatsutzat jo du azken urteotako portuaren jarduera. Era berean, portua, egun, une gozoan dagoela azpimarratu du, eta nahiz eta erronka ugariri aurre egin beharko dion, "epe laburrean albiste on asko" izango dituela uste du.