• EKONOMIA
  • EH Bilduk 11 milioi euro gehiago biltzea eskatu du Bilboko tasa turistikoaren bidez

EH Bilduk 11 milioi euro gehiago biltzea eskatu du Bilboko tasa turistikoaren bidez

Tasa turistikoarekin 25 milioi euro biltzea, etxebizitza hutsen OHZaren errekargua %150era igotzea eta zenbait kolektiborentzako hobariak proposatu ditu

María del Río EH Bilduko udal bozeramailea | Argazkia: EH Bildu
María del Río EH Bilduko udal bozeramailea | Argazkia: EH Bildu
2026ko abuztuaren 7a - 12:24

EH Bilduk Bilboko udal zerga-ordenantzei zuzenketak aurkeztu dizkie. Proposamenen artean, tasa turistikoaren bidez aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gehiago biltzea planteatu du, guztira 25 milioi euro ingurura iritsita. Horretarako, Bilbo intentsitate turistiko handiko udalerri izendatzea proposatu du, foru arauak aurreikusten duen %50eko errekargua aplikatzeko aukera baliatuz.

 

María del Río EH Bilduko udal bozeramaileak azaldu duenez, neurriak bi ardatzetan banatzen dira. Alde batetik, lau eta bost izarreko hotelei baimendutako gehieneko tasa ezartzea proposatzen dute, eta turismo ostatu gisa jarduten duten ikasle egoitzak hiru izarreko hotelek duten tratamendu bera jasotzea. Bestetik, Bilbo intentsitate turistiko handiko udalerri izendatzea planteatzen dute, tasa turistikoari %50eko errekargua aplikatzeko. Del Ríoren hitzetan, helburua da tasa turistikoa "benetan eraginkorra" izatea.

Etxebizitzaren arloan ere aldaketak proposatu ditu koalizioak. Zehazki, etxebizitza hutsen gaineko Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) errekargua %150era igotzea eskatu du, udal gobernuak planteatutako %75aren ordez. EH Bilduren arabera, neurri horren helburua etxebizitza hutsak merkatura bideratzea da, eta ez diru-bilketa handitzea.

 

Azkenik, EH Bilduk OHZaren hobariak ezartzea proposatu du guraso bakarreko familientzat, kontribuzio gabeko pentsioen hartzaileentzat eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat. Del Ríok adierazi du neurri horrek "pertsonen poltsikoan eragiten" duela, eta salatu du foru arauak aukera hori aurreikusten duen arren, udal gobernuak ez duela orain arte aplikatu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain