
Aena aireportuen kudeatzaileak ekaineko datuak eguneratu ditu, baita 2025eko lehen sei hilabeteetakoak ere. Datu guztiak aurreko urteko epe berarekin alderatutakoak dira.
Lurreratze eta aireratze kopuruari dagokionez, Iruñeko aireportuan izan da gorakadarik handiena (%41,5), 662 eragiketekin; hala ere, eta ezinbestean, Loiuko aireportua da eragiketa gehien izan dituena, %7,5eko igoera eta 5.277 lurreratze eta aireratzerekin. Hondarribiko aireportuan ere %20,5 hazkundea izan da, 765 eragiketekin, eta Forondako aireportuan (Gasteiz), ordea, 1.267 zenbatu dira (%9,5eko igoera).
Bidaiari kopuruak, aldiz, bestelako portaera izan du. Izan ere, 2025eko ekainean bidaiari gehiago izan dira Bilbon (%5,0) eta Iruñean (%6,8), baina gutxiago Hondarribian (-%6,0) eta Gasteizen (-%2,2). Bilbok ekaineko hilabetean izan duen inoizko bisitari kopuru handiena izan du. Hala, 685.820 pertsona izan dira Bilboko aireportuan, 48.328 Hondarribian, 23.860 Gasteizen eta 19.480 Iruñean.
2025eko lehen sei hilabeteetako datuak bateratuta, Donostian izan ezik (-%9,0), gorakada izan da lurreratze eta aireratze kopuruari dagokionez gainerako aireportuetan: 26.212 izan dira Bilbon (%5,5), 7.042 Gasteizen (%4,0), eta 3.182 Iruñean (%21,7).
Bidaiari kopuruarekin ere antzerakoa gertatu da: iaz baino bidaiari gutxiago izan dira Hondarribiko aireportuan, hots, 227.334 pertsona (-%3,0), baina gehiago Hego Euskal Herriko beste aireportuetan. Zehazki, 3.295.988 pertsona pasa dira Bilbotik (%4,3), 144.578 Gasteiztik (%18,6) eta 112.791 (%2,1) Iruñetik.