
Bizkaiko Foru Aldundiak, Arabakoak eta Gipuzkoakoak adostu berri dute %70eko forfait berezia finkatzea, bai nekazaritzaren, bai abeltzaintzaren sektoreko ordezkarien PFEZn, gastu kengarri gisa. Hori adosteko Bizkaiko Aldundia sektoreko ordezkariekin bildu da (ENBA, EHNE eta Lorra kooperatibarekin), eta gauza bera egin du Arabako Aldundiak UAGA sindikatuarekin; Gipuzkoako Aldundiak sektoreko eragileekin gaia landu ondoren hartu du erabakia. Hartutako neurriek helburu dute lehen sektorearen egoera ekonomikoa arintzea eta fiskalitatearen kudeaketa erraztea.
Bizkaiko Aldundiak azaldu du neurriak lurraldeko 1.400 zergadun ingururi egingo diela mesede, eta, gainera, 1,5 milioi euroko “eragin ekonomiko positiboa” izango duela. Lurraldeko sektoreko ordezkariekin landutako “Suspertze Planaren” barruan kokatu da erabakia; plan horretarako 4,9 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen Aldundiak, eta orotara hamalau neurri espezifiko garatu ziren. Hala, planaren bitartez Aldundiak lortu nahi du lehen sektorean belaunaldi erreleboa sustatzea, modernizatzea, emakume baserritarren bizi-kalitatea hobetzea eta animalien osasunarekiko konpromisoa indartzea, besteak beste.
Arabako Foru Aldundiak 2024ko martxoan iragarri zuen forfait sistema mantenduko du 2025ean, eta Noemi Aguirre Nafarroako Nekazaritzako diputatuak adierazi du neurria “pizgarri interesgarria” dela gazteak sektorera hurbiltzeko, eta, ondorioz, belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko. Gainera, azpimarratu du sistema mantentzea “funtsezkoa” dela “merkatuaren gorabeherekiko zaurgarria den sektorearen lehiakortasuna handitzeko”. Hasiera batean aldi baterako neurria izan zena (Errusiak Ukraina inbaditu izanak eragin zuen prezioen gorakada konpentsatzeko) egonkortu egin du Aldundiak: “Horrek tratamendu fiskal mesedegarriagoa dakar, segurtasun juridikoa ematen baitu ziurgabetasun egoeren eraginpean dagoen sektore ekonomikoa garatzeko”, azaldu du Itziar Gonzalo Nafarroako Ogasuneko diputatuak.
Gipuzkoako foru diputatu den Itziar Agirrek "baserritarrekin duten konpromisoa" nabarmendu du, baita kolektibo horrekin lanean jarraituko dutela ere, haien ekarpena "funtsezkoa" baita "Gipuzkoako lurralde-ongizate eta -oreka berderako".