• EKONOMIA
  • Bizkaiko lan-osasuna indartzeko neurri berriak bultzatuko ditu Cebekek

Bizkaiko lan-osasuna indartzeko neurri berriak bultzatuko ditu Cebekek

Ondo Izan ekimenaren bitartez osasun psikosozialean eta lesioen prebentzioan jarriko da fokua

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 23a - 15:45
Eg. 2026ko ekainaren 23a - 17:08

Cebekek Ondo Izan programarekin aurrera jarraituko du aurten ere, eta Bizkaiko enpresetan laneko osasuna sustatzeko ekimen berriak antolatuko ditu. Erakundeak lanean gero eta agerikoagoak diren erronkei erantzun nahi die, hala nola digitalizazioari, deskonektatzeko zailtasunari, antolamendu-aldaketei edo langileen zahartzeari, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta laguntza-ekintza espezializatuen bidez.

 

Erakundeak azaldu duenez, lan-ildo nagusietako bat osasun psikosoziala izango da. Ildo horri dagokionez, Cebekek programa bat antolatuko du enpresek lidergoa, komunikazioa eta lan-harremanak landu ditzaten, hain zuzen ere, arrisku psikosozialak antzeman ostean "neurri errealak" hartzen has daitezen. Gainera, hiperkonektibitateari eta osasun mentalari buruzko kanpaina bat ere jarriko du abian, ikus-entzunezko eduki eta material praktiko berriekin batera, eskaera digitalei erantzuna eman asmoz. 

Bigarren jarduera nagusia muskulu- eta eskeleto-nahasmenduak prebenitzeko izango da. Arazo horiek ohikoak dira lan-ingurunean, besteak beste, mugimendu errepikakorrak eta kargen manipulazioa direla-eta. Aurreikusitako neurrien artean, lantokietan bertan programa praktikoak, ergonomiari buruzko dibulgazio-kanpaina bat eta genero eta adinaren ikuspegia duten lanpostuak egokitzeari buruzko tailer bat izango dira. Osagarri gisa, Cebekek inkesta bat egingo du ezagutzeko zein ekintza egiten dituzten jada enpresek laneko osasunaren arloan, hala, behar berriak zeintzuk diren hautemateko, etorkizuneko jarduerak antolatze aldera.