
Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Itsasketa Ganberak aurkeztutako Koiuntura Ekonomikoari buruzko azken txostenaren arabera, 2025eko lehen seihilekoan enpresen egoera egonkor mantendu da edo hobera egin du, 2024ko lehen seihilekoaren aldean.
Bizkaiko industria enpresek emandako datuen arabera, ekoizpenak eta salmentak hazi egin direla uste du, hurrenez hurren, enpresen %29k eta %32k; gainera, %35ek adierazi du bi aldagaiak egonkor mantendu direla. Enpleguari dagokionez ere, %51k enplegatutako pertsona kopuruari eutsi dio, %28k plantilla handitu du, eta %21ek, ordea, txikitu.
Inbertsioak berdin mantendu direla esan du inkestatuen erdiak (%51), baina %26k txikitu egin direla zehaztu du. Salmenta prezioak ere soilik %6k murriztu ditu, %61ek eta %33k, hurrenez hurren, berdin mantendu edo igo egin dituzten bitartean.
Bestalde, enpresa-jarduerari eragiten dioten faktoreak zein diren galdetzean, gehiengoak “lehengaien eta energiaren prezioak” erantzun du, bost puntutatik 3,8 eman baitiote. “Soldata kostuak” izan dira hautatutako bigarren faktorea, 3,6 punturekin, eta “profil kualifikatuen kontratazioari” egokitu zaio hirugarren postua, 3,5 punturekin.
Datozen sei hilabeteei dagokionez, enpresen %83k uste du ekoizpena hazi edo egonkor mantenduko dela, eta %80k berdina adierazi du salmentei dagokionez. Hala ere, %19k uste du eskaera zorroa eta esportazioak beheratu egingo direla, eta %8k plantilla txikitzea aurreikusten du.
Epe labur eta ertainera, AEBko muga-zergen politikak eragin negatibo edo oso negatiboa izango duela gaineratu du inkestatuen %61ek, eta %17ren ustetan eragin nabarmena izango dute enpresaren lehiakortasunean. Gauzak horrela, %55ek merkatu berriak bilatzea aurreikusten dute.