Bizkaiko enpresa askok, txiki zein handi, inbertsioak egin dituzte, edo etorkizun hurbilean egin nahi dituzte, teknologia digital aurreratuetan. Horixe berretsi dute azken hilabeteetan egindako azterlanek: Barrixe Behatokiak martxoan argitaratutako txostenean jasotzen da 50 langiletik gorako hamar enpresetatik zazpik jada digitalizazio-maila aurreratua dutela, eta Beazek eginiko Bizkaiko enpresa-egoeraren barometroan zehazten da 2025ean inbertsioak egin zituztela enpresen %62k; are gehiago, urte honetan bertan %47k inbertsio berriak egitea aurreikusten zutela berretsi zuen barometroak.
Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) joera argia identifikatu du: lurraldeko enpresak bizkortzen ari dira euren eraldaketa digitala. Trantsizio Digitala izeneko Aldundiaren laguntza lerroak ere horixe bera berresten du: iaz baino %117,6 eskaera gehiago jaso dira aurtengo deialdian.
Laguntza lerro horrek helburu du enpresei, gutxienez 5 eta gehienez 250 langile dituztenei, finantzaketa eskaintzea digitalizazioaren arloko proiektuak gara ditzaten. Inbertsio horiek orotarikoak izan daitezke: kudeaketa-sistemak digitalizatzea, zibersegurtasuna hobetzea, merkataritza elektronikoa garatzea, gauzen Internet (IoT) edo ikuspen artifiziala bezalako teknologiak ezartzea…
1,3 milioi euro gehiago
Iaz, Trantsizio Digitala 2025 deialdian, 52 eskaera aurkeztu ziren; horietatik 34k jaso zuten laguntza, hau da, aurkeztutako proiektuen %65ek. Orotara, 1.453.145 euro banatu ziren enpresen artean, batez besteko laguntza 42.000 euro ingurukoa izanik.
Ainara Basurko: "Aurrekontua handituko dugu, proiektu gehiago lagundu ahal izateko”
Aurten, ordea, eskaria askoz ere handiagoa izan da: 115 proiektu aurkeztu dira. “Orain, guri erantzutea dagokigu. Aurrekontua handituko dugu, proiektu gehiago lagundu ahal izateko”, adierazi du prentsaurrekoan Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak. Izan ere, BFAk pasa den ekitaldiko aurrekontu bera mantenduko balu, aurkeztutako proiektuen %36k (42 proiektuk) izango lukete laguntza jasotzeko aukera. Aurrekontua handituta, ordea, laguntza jasoko dezaketen proiektuen kopurua 42tik 74ra igoko litzateke, eta estaldura-tasa, aurten ere, %65 ingurukoa izango litzateke.
Hala, Aldundiak iragarri du 1,3 milioi euro gehiago inbertituko dituela deialdi berrian, eta hortaz, iaz 4,27 milioi eurokoa izan zen aurrekontua 5,57 milioi eurokoa izatera igaroko dela. “Aurrekontua handituko dugu, baina horrek ez du esan nahi exijentzia maila baxuagoa izango denik. Proiektuak hautatzerako orduan ez dira irizpideak aldatuko”, zehaztu du foru-diputatuak.

Enpresa txikiei bultzada
Trantsizio Digitala 2026 deialdian parte hartu nahi duten proiektuek bi lan-ildo izango dituzte aukeran: oinarrizko digitalizazioa eta digitalizazio aurreratua. Lehen lerroa, oinarrizkoa, oro har 5 eta 50 langile artean dituzten enpresei bideratutakoa da; bigarrena, digitalizazio aurreratuaren lerroa, 5 eta 250 enplegatu artean dituzten enpresei zuzenduta dago.
2026ko deialdiko berritasuna, 1,3 milioi euroko aurrekontu gehigarria, digitalizazio aurreratuaren lerrora bideratuko da; hau da, hasiera batean lerro hori 1,77 milioi eurokoa bazen, azkenean 3,069 milioi eurokoa izango da. Zer dela eta? Bada, batik bat, eskaerak iazkoak halako bi izan direlako.
Aldundiak iritzi dio enpresa handiek dagoeneko heldutasun digital handiagoa dutela; horregatik, enpresa txikienetara mugatu dituzte oinarrizko digitalizazioaren laguntzak
Baina ez hori bakarrik. Oinarrizko digitalizazioaren laguntza-lerroan, pasa den ekitaldian baino eskaera gutxiago jaso dira, 285 izatetik aurtengo 249 izatera igaro baitira. Basurkok beherakada horren zergatia azaldu du: oinarrizko digitalizaziorako lerroan 5 eta 50 langile artean dituzten enpresek soilik parte hartu ahal izango dute aurten, eta iaz, ordea, 5 eta 250 enplegatu zituzten konpainia orok aurkeztu zezakeen proiektua. “Oinarrizko digitalizazioan eskaera gutxiago jaso izanak ezarri genuen helburuari erantzuten dio. Ez du esan nahi enpresek oinarrizko digitalizazioarekiko interesa galdu dutenik, baizik eta laguntzak enpresa txikiei begira prestatu direla; izan ere, konpainia horiek dira laguntza handiagoa behar dutenak oinarrizko irtenbide digitalak ezartzeko eta finkatzeko”, azpimarratu du Basurkok. Funtsean, Aldundiak iritzi dio enpresa handiek dagoeneko heldutasun digital handiagoa dutela; horregatik, enpresa txikienetara mugatu dituzte oinarrizko digitalizazioaren laguntzak.
Bestalde, digitalizazio aurreratuan zentratutako proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza handitu egin du aldundiak, 120.000 euroetaraino. Basurkok azpimarratu du laguntzen helburua ez dela teknologia ezartzea "teknologia gehiago izateagatik", baizik eta enpresak lehiakorrago egitea, produktibitatea handitzea eta enpresa txikiek bestela eskuratu ezingo lituzketen gaitasun teknologikoak eskuratu ahal izatea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta