Ongi etorri Baserrira! egitasmoaren bederatzigarren edizioa egingo da uztailaren 5 eta 6an. Beti bezala, helburua da EAEn elkarbizi diren landa inguruneak eta hiriak hurbiltzea. Horrela, baserritarrek euren etxeetako ateak zabalduko dituzte, interesa duen orok, bertaratu eta baserritarrak bizi diren parajeak, euren ogibidea eta ekoizten dituzten elikagaiak ezagutu ditzaten. Izena ematea dohainik da eta epea zabalik dago, uztailaren 3ra arte.
ENBA nekazal elkarteak sustatzen duen ekimenaren webgunean, ate irekietako programa osoa kontsultatu daiteke. Ate irekietako atalean sartuz gero, asteburu horretan bisitatuko diren baserrien zerrenda dago ikusgai, eta bakoitzaren berezitasunak kontsultatu ondoren, hautaketa egin daiteke. Aurtengo edizioan, Bizkaia eta Gipuzkoako 19 baserri zabalduko dituzte, azpisektore anitzekoak eta lurralde osoan sakabanatuak. Bisiten ordutegia 11:00-14:00 izango da, eta Antzuola, Beizama, Igorre, Errezil edo Oñatiko hainbat baserri bisitatuko dituzte.