Bizkaia Mikrok ekintzailetzarako 62 mikrokreditu eman zituen iaz

1.726.000 euro bideratu zituen foru-sozietateak 2024an, finantzaketa arazoak zituzten enpresa eta ekintzaileak laguntzeko

Marcos Salinero eta Teresa Laespada | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Marcos Salinero eta Teresa Laespada | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaia Mikro foru-sozietateak 62 mikrokreditu eman zituen 2024. urtean, eta, ondorioz, 235 enplegu berri sortu ziren. Orotara, 1.726.500 euro bideratu ziren mailegu horietara; 2023. urteko datuen aldean, zifra %108 handiagoa izan zen 2024an. Gainera, eragiketa kopurua ere %58 handitu zen urtebetean.

Foru-sozietateak, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailari lotutako erakundeak, finantzaketa lortzeko aukera eskaintzen die proiektu eta ekintzaileei, bankuen bitartez maileguak lortzeko arazoak baldin badituzte. Foru Aldundiaren esanetan, mikrokredituen ezaugarri nagusia “eskuragarritasuna” da, “ez baitute berme errealik behar”.

Azken urteetan ez bezala, azken edizioan Bizkaia Mikrok jarduera ekonomikoaren arlo guztiei eman zien aukera mikrokredituak eskuratzeko (lehen industriara, teknologiara eta berrikuntzara soilik bideratzen zen dirua).

Datu gehigarri gehiago ere eskaini ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Esaterako, 2024. urtean finantzatutako enpresa bakoitzeko batez beste 3.78 lanpostu ziren; enpresen herenak baino gehiagok ez zuten beste inolako finantzaketarik lortu; gainera, babestutako enpresen %95en kapital soziala 100.000 eurotik beherakoa zen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK