2026ko zerga-neurrien foru araua onartu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. Testuak zenbait kenkari eta zerga-pizgarri biltzen ditu, izan enpresetan belaunaldi-erreleboa bermatzeko, talentua erakartzeko, gazteen enplegua bultzatzeko edota ibilgailuak berritzeko. Proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko da orain, bertan izapidetu dadin, eta foru araua urtea amaitu aurretik onartzea da Aldundiaren asmoa, neurriak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplika daitezen.
Neurriak, hala ere, ez dira gaur aurkeztu. Aldundiak ekainaren 12an eman zuen haien berri, eta ordutik proiektuak ohiko tramitazioa jarraitu du. Gaurko Gobernu Kontseiluaren onarpenaren ostean, hurrengo urratsa izango da Batzar Nagusietan eztabaidatzea, eta prozesu horretan aldaketak edo ekarpenak egiteko aukera izango da.
Enpresak errotu eta profesionalak erakarri
Talentuaren ihesa eta belaunaldi-erreleboa pil-pilean dauden gaiak izanik, biei heldu nahi izan die Foru Aldundiak. Hala, batetik zerga-pizgarriak eskainiko zaizkie konpainiei haien jarraitutasuna bermatzeko, eta berrikuntza nagusia izango da %30eko murrizketa aplikatuko zaiela eskualdaketa jakin batzuen ondorioz sortutako gainbalioei, beti ere enpresaren eta lanpostuen jarduna bermatzen bada. Era berean, langileak konpainien parte izan daitezen zerga-pizgarriak izango dira, gehienez urtean 12.000 eurokoak, akzioak eta partaidetzak emateagatik. Kooperatibetako bazkide izateko maileguentzako ere "baldintza onak" eskainiko dira.
Talentuaren ihesa ekiditeko lanetan, bestalde, "erraztasunak emango dira langile kualifikatuak Bizkaira etor daitezen", azaldu du Aldundiak, besteak beste, langile horien etekinen salbuespena %50era handituta edota lanak eragindako lekualdaketa konpentsatzeko gastu kengarriak ezarrita.
Gazteen prestakuntza, etxebizitza eta ongizatea
Gazteen prestakuntzarekin loturiko pizgarriak ere gehituko dira: esaterako, %20ko murrizketa aplikatuko zaie prestakuntza dualeko gastuei. "Lanbide heziketa indartuko da, lanpostu kualifikatuak eta enpresen beharizanen araberakoak lortzeko bidea izan dadin", gehitu du Aldundiak. Bestalde, etxebizitza sozialetan inbertitzea sustatzeko, %15eko kenkaria izango dute horretara bideratutako funtsetan dirua sartzen dutenek, gehienez 750 eurokoa urtean.
Ongizate mental zein fisikoari ere erreparatuko zaio, %20ko kenkaria aplikatuko baitzaie osasun-aseguruen primei eta gimnasio zein kirol-jarduerek eragindako gastuei. Ibilgailuak berritzeko neurriak ere jasotzen ditu testuak, mugikortasuna seguruagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta