
Ainara Basurko ekonomia sustatzeko diputatuak iragarri duenez 4 laguntza-lerro berri aktibatuko dira, 2 milioi euroko inbertsio globala beharko dutenak.
Alde batetik 800.000 euro inbertituko dira ekoizpen eta hornidura-kateak Bizkaian birkokatzeko aztertzeko, hornitzaile globalekiko mendekotasunak sortutako eragozpenei erantzuteko eta tokiko industria-oinarria indartzeko. Bestalde, aurreko urteetan bezala merkataritzako bonuen kanpainia martxan jarriko da Bizkaiko saltoki txikietan kontsumoa suspertzeko.
Enpresei dagokienez, Elkargik abalatutako enpresei emandako maileguetan gabealdia urtebetez luzatzearen gastuak estaltzeko lankidetza-hitzarmena sinatuko du aldundiak eta Seed Capital Bizkaiaren bidez kudeatutako Bizkaia Aurrera mikrokredituen gabealdia luzatuko da.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu du azken hilabeteotan egoera ekonomikoa asko aldatu dela. Duela hiru hilabete aurreikuspenak baikorrak baziren ere, gerraren ondorioz zailtasun eta ziurgabetasun handiak sortu dira, besteak beste lehengaien kostuen igoeraeta hornidura-zailtasunak eta garraio-kostuen eta energia-kostuen garestitzea.