Bizkaiko Foru Aldundiak %7,1 handituko du garraiora bideratutako aurrekontua, 147,2 milioi eurora iritsita. Helburuak hainbat dira: Bizkaibus zerbitzua hobetzea, maiztasuna areagotuta eta garraioa gune berrietara hedatuta. Hala jakinarazi du gaur Sonia Pérez Ezquerra Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko diputatuak.
Orotara, Pérezen sailak 221,3 milioi izango ditu, hau da, Bizkaiko Aldundiko bederatzi departamentuetatik zatirik handiena jasoko du (aurrekontu osoaren %12,89). Hala, 2025ean baino %6,2 handiagoa izango da sail horretan egingo den inbertsioa, “mugikortasun eredu jasangarriago eta bidezkoagoaren, eta turismo arduratsuagoaren” alde eginda. Aurrekontuko partidetatik, arestian aipatutako Bizkaibusek izango du gorakadarik handiena.
Hala, Bilbo eta Balmaseda arteko konexioa indartu nahi da, lanegunetan maiztasuna areagotuta; Bilbo, Mungia eta Bermeo arteko eskaintza ere hobetu nahi da; bestalde, Muskiz eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen arteko ibilbide berria gehitzea aurreikusi du Aldundiak, “auzoko bizilagunen eskaera historikoari erantzuna emanez”. Pérezek gaineratu du asteburuetako zerbitzuak ere handitu egingo direla. “Garraio publiko fidagarria, erosoa eta errealitatera egokitutakoa eskaini nahi dugu”, gaineratu du diputatuak.