• EKONOMIA
  • Bizkaiko enpresak "egonkor" dira 2026ra begira

Bizkaiko enpresak "egonkor" dira 2026ra begira

Bilboko Merkataritza Ganberaren arabera, lurraldeko ekonomia %2,1 haziko da aurten. Hiru enpresatik batek uste du bere ekoizpena mantendu edo handitu egingo duela

Mikel Arieta-Araunabeña eta José Ignacio Zudaire, gaur, Bilbon | Argazkia: Bilboko Ganbera
Mikel Arieta-Araunabeña eta José Ignacio Zudaire, gaur, Bilbon | Argazkia: Bilboko Ganbera
2026eko urtarrilaren 21a - 16:20

Bilboko Merkataritza Ganberak uste du Bizkaiko Barne Produktu Gordina %2,1 haziko dela 2026an. Gaur goizean urte berrira begirako aurreikuspenak aurkeztu dituzte Mikel Arieta-Araunabeña Ganberako idazkari orokorrak eta Jose Ignacio Zudaire presidenteak.

 

Azaldu dutenez, hazkunde “nabarmena” izango du lurraldeak, egungo testuingurua “ziurgabe eta konplikatua” hartuta. Hala, Bizkaiko enpresak nahiko baikor direla baieztatu dute, eta euren negozioak “egonkor” ikusten dituztela, hiru konpainiatik batek uste baitu bere ekoizpena mantendu edo handitu egingo duela.

Zudairek adierazi du Bizkaiko nahiz EAE osoko ekonomia Europakoa (%1,2) baino gehiago haziko dela aurten. Aitzitik, Espainiako Estatuan hazkundea handiagoa izango dela iritzi dio (%2,3). Horrekin batera, Zudairek gogoratu du Bizkaiak %3ko inflazioarekin amaitu zuela urtea, eta espero duela 2026an %2 ingurura jaistea .

 

Esportazioen beherakada

Bizkaiko merkataritza-defizita, azarora arte, 3.100 milioi eurotik gorakoa izan zen, eta estaldura-tasa %75 inguruan mantendu da, iazko aldi beraren aldean (%77). Jaitsiera hori esportazioen beherakada handiak (%11) eragin duela azaldu du Ganberak.

Frantzia eta Alemania dira Bizkaiko esportazioen helmuga nagusiak. Bien artean esportazio guztien %28 jasotzen dituzte. Hein horretan, Ganberako ordezkariek AEBra eta Erresuma Batura eginiko esportazioen beherakada nabarmendu dute. Horren erakusle, Bilboko portuko trafikoaren apaltzea izan da, 2025eko urtarriletik azarora bitartean %8,5 murriztu baita, 2024ko epe beraren aldean.

Txikizkako saltokiak desagertzen

Langabeziari dagokionez, 2025eko hirugarren hiruhilekoan %7,17an kokatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko tasa baino 0,2 puntu gorago. 2025aren amaieran, 60.474 langabe zituen Bizkaiak. Ganberaren arabera, enpleguaren bilakaera ona ostalaritza sektoreari zor zaio, nagusiki.

Turismo sektorearen gorakadan ere jarri dute azpimarra gaurko aurkezpenean. 2025ean lau milioi gaualdi egin dituzte turistek Bizkaian, 2024an baino %11 gehiago. Kontrara, txikizkako merkataritzaren bilakaeraz kezkatuta azaldu dira, lurraldeak txikizkako saltokien %25 galdu baititu. 2024ean 14.422 zeuden, 2025ean, aldiz, 10.781.