Bizkaiko Foru Aldundiak 1.599 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du gaur 2024rako. Honela, aurtengo aurrekontua %3,8 handituko du, 58,6 milioi gehiago. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuak aurrekontu proiektua aurkeztu dute, eta urte amaitu aurretik onartzea espero dute.
Era berean, Gipuzkoako Foru Ogasunak 2024ko aurrekontu proiektua ere aurkeztu du. 1.160 milioi eurokoa izango da, iazkoa baino %2,7 gehiago. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman ditu aurrekontuari buruzko xehetasunak, eta "familien ekonomia eta ongizatea babestea, inbertsioak sustatzea eta klima aldaketa" jo ditu erronka nagusitzat.
Bizkaian, gizarte politikek izango dute pisu handiena aurrekontuetan, biztanleko 640 euro emango direla adierazi baitute. Gizarte Ekintza arloa izango da aurrekontu handiena izango duena, 691,1 milioi euro, aurten baino %6,1, gehiago. Azpiegiturak eta Lurralde Garapena sailean, aldiz, %7,2 murriztuko da aurrekontua, 243,1 milioi bideratuko dira denera.
Gipuzkoan, Zainketa Gizarte Politiken sailak izango du aurrekonturik handiena, 515 milioi euro (724 euro biztanleko). Halaber, aurrekontuan gehien haziko den departamentua Ekonomia, Sustapena eta Proiektu Estrategikoena izango da, 75,8 milioi euro bideratuko baitira bertara, 2023an baino %4,3 gehiago.