Nola ebaluatzen ditu Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OCDE) Bizkaiko administrazio digitalaren egungo egoera eta etorkizuneko erronkak? Galdera horri erantzuna ematea da Digital Government Review of Biscay, Spain: Towards a Future-Oriented Public Sector txostenaren helburua, Digital Government Studies bildumaren barruan argitaratua.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Azterketak lau arlo nagusitan aztertzen du Bizkaiko gobernu digitalaren egoera: gobernantza, inbertsioak eta gaitasun digitalak; datuak eta adimen artifiziala; erabiltzaileen beharrei erantzuten dieten zerbitzu publiko digitalak; eta GovTech lankidetza. Txostenaren diagnostikoak ez du abiapuntu ahulik erakusten. Aitzitik, Bizkaiak gaitasun instituzional eta teknologiko sendoak dituela aitortzen du, baina hurrengo erronka gaitasun horiek administrazio osoan modu sistematikoagoan erabiltzea, neurtzea eta eskalatzea dela azpimarratzen du.
Gobernantza: egonkortasunetik egokitzeko gaitasunera
Bizkaiko gobernu digitalaren agenda oinarri ekonomiko sendoan, berrikuntza-ekosistema batean eta erakunde-gaitasun handian garatzen da. OCDEren arabera, egonkortasun politiko eta fiskalak epe luzeko plangintza eta inbertsioa errazten ditu, eta horrek abiapuntu sendoa eskaintzen dio administrazio digitalari. Baina abantaila horrek badu beste alde bat. Testuinguru horiek inertziarako joera izan dezakete, aldaketetara egokitzeko mekanismoak behar bezala indartzen ez badira. Horregatik, etorkizuneko ziurgabetasunak sistematikoki aztertzeko gaitasuna indartzea proposatzen du. Besteak beste, Agenda Digitalaren Idazkaritza Teknikoak dagoeneko egiten duen joeren zaintza eta analisia zabaltzea, agertokien plangintza eta PESTLE (faktore politiko, ekonomiko, sozial, teknologiko, legal eta ingurumenekoen) azterketak bezalako aurreikuspen-praktikak txertatzea eta erresilientzia gobernu digitalaren plangintzan gehiago integratzea gomendatzen du.
Biztanleriaren adin-egitura aldatzeak zerbitzu publikoen eskaria eta administrazioaren gaitasun-beharrak alda ditzake, eta digitalizazioak erantzun horretan lagun dezake
Aldaketa demografikoa kontuan hartu beharreko faktore nagusietako bat da. Biztanleriaren adin-egitura aldatzeak zerbitzu publikoen eskaria eta administrazioaren gaitasun-beharrak alda ditzake, eta digitalizazioak erantzun horretan lagun dezake. Digitalizazioak ez ditu nagusiak ez beste inor zerbitzu publikoetarako sarbidetik kanpo utzi behar. Inbertsioen arloan, Bizkaiak plangintza eta ezarpena bideratzeko tresna eta prozesu helduak ditu, baina ahulagoa da inbertsioen ondorengo jarraipenean. Onuren jarraipena eta ROIan oinarritutako lehentasun-ezarpena ez dira oraindik modu sistematikoan egiten zorro mailan. Horregatik, antolakundeak ez du soilik gehiago inbertitzea proposatzen, baizik eta inbertsio horiek zer emaitza ekartzen duten sistematikoki neurtzea.
Datuak eta adimen artifiziala, esperimentaziotik gobernantzara
Bizkaian adimen artifiziala zerbitzu publikoetan eta barne-prozesuetan txertatzen ari da, sailetako erabilera-kasu praktikoen eta pilotuen bidez. Ikuspegi mailakatu horrek esperimentazioa eta baliozkotzea ahalbidetzen ditu, eta Bizkaiak dagoeneko urrats batzuk eman ditu erabilera horiek konfiantzaz garatzeko. Horien artean dago Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarekin lankidetzan arrisku-kudeaketarako metodologiak baliozkotzea eta adimen artifiziala zerbitzuei laguntzeko erabiltzea, erabakiak erabat automatizatu gabe. Kasu honetan ere, hurrengo urratsa ez da soilik erabilera-kasu gehiago sortzea, eta gobernantza eta gardentasun handiagoa garatu beharko litzateke: administrazioak erabiltzen dituen adimen artifizialeko sistemen inbentario publikoa, gardentasun-mekanismoak eta inpaktu-ebaluazioak garatzea, besteak beste. Era berean, herritarren eta langileen parte-hartzea eta kontsulta indartzeko aukera ere bada.
“Behin bakarrik” printzipioa ere aplikatzen ari da elkarreragingarritasunaren bidez. Modu horretan, administrazio batek dagoeneko eskuragarri duen datua beste administrazio edo unitate batek automatikoki eskuratu ahal izango du
Datuen gobernantzan ere antzeko norabidea proposatzen da. Hau da, eskumenak eta erantzukizunak argitzea, Datu Katalogoa garatzea eta elkarreragingarritasuna API bidez indartzea. Helburua ez da datu gehiago izatea soilik, baizik eta datuak modu koherenteagoan, berrerabilgarriagoan eta fidagarriagoan erabiltzeko oinarriak sendotzea.
Zerbitzu publikoak erabiltzailearen begietatik
Bizkaiko Foru Aldundia eredu omnikanal bat garatzen ari da: sarrera digital bakarra, bideo-dei eta txatbot bidezko tresnak, eta Bizkaia Gertu sarearen bidezko arreta presentziala. “Behin bakarrik” printzipioa ere aplikatzen ari da elkarreragingarritasunaren bidez. Modu horretan, administrazio batek dagoeneko eskuragarri duen datua beste administrazio edo unitate batek automatikoki eskuratu ahal izango du, herritarrari edo enpresari berriro eskatu beharrean. Baina OCDEren arabera, kontuan hartu behar da zerbitzuen erabiltzailearengan zentratutako diseinua ez dagoela administrazio osoan modu homogeneoan txertatuta. Aztertutako sail eta erakundeetako gutxi batzuek bakarrik inplikatzen dituzte erabiltzaileak zerbitzuaren bizi-ziklo osoan modu integralean, beharrak identifikatzetik zerbitzua probatu eta hobetu arte.
Horregatik, zerbitzu-estandar partekatu bat ezartzea proposatzen da, zerbitzu publiko digitalen diseinuan eta ematean ikuspegi eta kalitate-irizpide komunak bermatzeko. Halaber, zerbitzuen diseinurako eta erabiltzaile-ikerketarako gaitasunak administrazio osoan sendotzea eta kanal-estrategia dedikatu bat garatzea.
GovTech, pilotuetatik sistemara
OCDEk Bizkaiko Foru Aldundia GovTech lankidetzaren egituratzean aitzindari globaltzat jotzen du. Foru Aldundiak start-up, ETE eta beste eragile berritzaile batzuekin lan egiteko egitura bat garatu du, erronka publikoetarako irtenbide berriak identifikatu, probatu eta baliozkotzeko. Lankidetza hori egituratzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak GovTech Lab sortu du. Laborategiak erronka publikoak identifikatu, merkatuan zabaldu, start-up eta ETEak hautatu, pilotuak egin eta esperientziatik ikasitakoa etorkizuneko kontratazioetara edo eskalatze-prozesuetara eramateko metodologia erabiltzen du. Bizkaiko esperientziak nazioarteko dimentsioa ere hartu du. 2025ean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Lantik partaidetzako sozietatearen bidez, GovTech4All Partzuergoaren Europako Gailurra antolatu zuen Bilbon; Europako 20 herrialdetako 50 erakunde baino gehiago bildu ziren.
GovTech aurrekontu eta inbertsio plangintzan txertatzea proposatzen da, erabaki-puntu zehatzak ezarriz lehendik dauden irtenbideen berrerabilpena eta eskalatzea lehenesteko
Baina antolakundearen arabera, erronka nagusietako bat, berrikuntza bilatzea ez ezik, berrikuntza hori administrazioaren erabaki eta inbertsio-prozesuetan txertatzea da. Txostenak ohartarazten du inbertsio digital bat erabaki aurretik ez dela sistematikoki egiaztatzen lehendik dagoen berrerabili edo egokitu daitekeen GovTech irtenbiderik. Horrek irtenbideak bikoiztea ekar dezake eta dagoeneko probatutako soluzioen eskalatzea zaildu. Horregatik, GovTech aurrekontu eta inbertsio plangintzan txertatzea proposatzen da, erabaki-puntu zehatzak ezarriz lehendik dauden irtenbideen berrerabilpena eta eskalatzea lehenesteko. Era berean, start-up eta ETEentzako oztopoak murriztuko dituzten kontratazio-eredu berritzaileak zabaltzea proposatzen du, besteak beste, esparru-akordioak, kontratazio-sistema dinamikoak edo azpikontratazioa bezalako aukerak baliatuz.
Norabide bera duten 22 gomendio
Kopuruak baino gehiago, gomendioen norabide komunak ematen du mezua ulertzeko gakoa. Gobernantzaren arloan, erresilientzia, aurreikuspena, herritarren parte-hartzea, talentu digitala eta inbertsioen onuren jarraipena indartzea proposatzen da. Datuen eta adimen artifizialaren arloan, gobernantza-eskumenak argitzea, datuen erabilera eta elkarreragingarritasuna hobetzea eta adimen artifizialaren erabilerarako gobernantza eta gardentasun handiagoa garatzea. Zerbitzu publikoen arloan, erabiltzaileen beharretan oinarritutako diseinua administrazio osoan sendotzea, kanal-estrategia eta zerbitzu-estandar partekatuak garatzea eta azpiegitura digitalak indartzea proposatzen da. GovTechi dagokionez, berriz, datu eta azpiegitura partekatuak, kontratazio-eredu berritzaileak eta nazioarteko sareak baliatzea gomendatzen da, Bizkaian garatutako irtenbideak beste testuinguru batzuetara ere zabaltzeko.
Administrazioak gaitasun digitalak eta berrikuntzarako mekanismoak eraiki ditu, baina orain gaitasun horiek gobernatzeko, neurtzeko eta eskalatzeko modua da erronka
Gomendio horiek ez dute digitalizazio-proiektu berrien zerrenda bat osatzen, norabide zabalago bat proposatzen dute. Gobernu digitala proiektu eta tresna teknologikoen multzotik administrazioaren gobernantza-eredu sistemikoago batera eramatea.
OCDEren diagnostikoak ez du Bizkaiaren digitalizazioaren argazki estatiko bat eskaintzen. Trantsizio baten argazkia da, administrazioak gaitasun digitalak eta berrikuntzarako mekanismoak eraiki ditu, baina orain gaitasun horiek gobernatzeko, neurtzeko eta eskalatzeko modua da erronka. Horrenbestez, administrazio digitalaren hurrengo etapak ez luke zertan digitalizazio gehiago ekarri behar, baizik eta dagoeneko garatutako gaitasun, datu, zerbitzu eta berrikuntza-ereduak modu sistematikoagoan integratu eta baliatzea.
Digital Government Review of Biscay, Spain: Towards a Future-Oriented Public Sector, OECD Digital Government Studies, OECD Publishing, Paris, https://doi.org/10.1787/ab35c0ea-en. Creative Commons Attribution 4.0 International lizentziapean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta