Bizkaiko golkoko antxoaren populazioak egoera onean jarraitzen du, Aztik maiatzean egindako Bioman 2026 txosten zientifikoaren emaitzen arabera. Azterlan horren arabera, 155.000 tonako behin-behineko biomasa dago egun golkoan, espeziearentzat ezarritako 26.600 tonako segurtasun-muga biologikoaren gainetik.
Adierazle horrek maiatzean Bizkaiko golkoan dagoen antxoaren gutxi gorabeherako kopurua adierazten du pisutan, eta populazioaren egoera ebaluatzeko erreferentzia nagusietako bat da, itsas ingurunean eta elikaduran espezializatutako zentro zientifiko eta teknologikotik azaldu dutenez.
Txostenaren emaitza aipagarrienetako bat antxoa gazteen proportzio handia da. Adinaren araberako egituraren azterketak erakusten du behatutako aleen %74k urtebete duela, ehuneko handia serie historikoarekin alderatuta. Bi urteko antxoek laginaren %21 osatzen dute, eta hiru urtekoek, %5.
Aztik nabarmendu dutenez, arrain gazteen ehuneko handi hori "bereziki garrantzitsua da bizitza laburreko espezie batean”, antxoen kasuan, besteak beste, populazioaren "berritzea eta egonkortasuna" bultzatzen baititu.
Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landaren Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi du Bioman kanpainaren behin-behineko datuak "oso albiste ona" direla eta "gure arrantzaleek datorren urtean azken ekitaldietako antzeko arrantza-kuota izango dutela adierazten dutela".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta