• EKONOMIA
  • Bizkaiko metalaren merkataritzako sindikatuek grebara deitu dute urriaren 7rako

Bizkaiko metalaren merkataritzako sindikatuek grebara deitu dute urriaren 7rako

CECOBI patronalari negoziazioa blokeatzea eta dagoeneko lortutako eskubideak murriztu nahi izatea egotzi diote sindikatuek

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko irailaren 14a - 13:18
Eg. 2026ko irailaren 14a - 15:16

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute urriaren 7an, Bizkaiko metal merkataritzako hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela salatzeko. Hitzarmena 2019tik dago iraungita, eta sektoreko langileek sei urte baino gehiago daramatzate lan eta soldata baldintzak eguneratu gabe. Sindikatuek azaldu dutenez, denbora horretan prezioek gora egin dute eta langileek erosahalmena galdu dute; gainera, sektoreko soldatak ez dira urtean 18.000 eurora iristen kasu batzuetan.

 

Sindikatuek CECOBI patronala jo dute negoziazioaren blokeoaren arduraduntzat, eta ohartarazi dute patronalaren proposamenek ez dutela hobekuntzarik ekarri. Are gehiago, haien arabera, patronala negoziazioa erabiltzen ari da orain arte lortutako zenbait eskubide murrizteko. Zehazki, gaixotasunagatiko bajen osagarria okertu eta antzinatasun-osagarria murriztu nahi duela salatu dute. Azken osagarri hori dagoeneko mugatua dela nabarmendu dute: 2014ko soldataren arabera kalkulatzen da eta gehienez zortzi laurteko hartzen ditu kontuan.

Egoera horren aurrean, langileek KPIaren araberako soldata eguneratzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzea eskatzen dute. Lanaldia ere murriztu nahi dute: gaur egun urtean 1.758 ordukoa da, eta sindikatuek Bizkaiko merkataritzako beste hitzarmen batzuetan ezarritako 1.725 orduetatik gertu egotea planteatu dute. Aldarrikapen horiek egiterakoan, gaur egun dituzten eskubideei uko egin gabe aurrera egitea nahi dute.

 

Hurrengo negoziazio-mahaia irailaren 21ean egingo da. Sindikatuek CECOBIri eskatu diote bilera horretan akordioa lortzeko borondatea erakusteko, proposamenaren "elementu erregresiboak" baztertuz eta langileen erosahalmena berreskuratzeko neurriak mahai gainean jarriz. Hala egin ezean, urriaren 7ko greba egingo dutela berretsi dute.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain