• EKONOMIA
  • Bizkaiko metaleko sindikatuen protesta BEC-en atarian Biurtekoa dela eta

Bizkaiko metaleko sindikatuen protesta BEC-en atarian Biurtekoa dela eta

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNT sindikatuek hitzarmen duin baten aldeko manifestazioa egin dute, hiru greba egunen bezperan

Bizkaiko metaleko sindikatuen protesta BEC-en atarian | Argazkia: EnpresaBIDEA
Bizkaiko metaleko sindikatuen protesta BEC-en atarian | Argazkia: EnpresaBIDEA
2022ko ekainaren 13a - 17:33

Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena negoziatzen jarraitu beharra dagoela argudiatuz, sindikatuek Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari ekainaren 15ean Lan Harremanetako Kontseiluaren (LHK) egoitzan biltzeko deia luzatu diote. Patronalaren jarrera “arduragabetzat” jo dute eta 50.000 langile baino gehiago “gatazkara” bultzatzen dituztela salatu.

 

Deialdi hori Barakaldoko BEC-en kanpoaldean egin dute, hasi berria den Makina Erremintaren Biurtekoa aprobetxatuz. Bertan, metalgintzako sektorearen egoera “kezkagarria” dela azaldu dute eta ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako deituta dauden greba deialdiak gogorarazi dituzte, hitzarmenaren negoziazioak “blokeatuta” jarraitzen duelako.

Agerraldian azaldu dutenez, maiatzaren 26an izan zuten azken negoziazio-bilera patronalarekin, eta "ezezkoa" eman zioten elkarrekin planteatutako irtenbide guztiei. Sindikatuek azpimarratu dute azken bilera horretan berriro eskatu ziotela patronalari "negoziaziorako aukera bat" emango zuen proposamen bat aurkezteko, baina deitoratu dute patronalak langileen ordezkariekin “ez duela bildu nahi izan” eta “datarik ere ez dagoela aurreikusita”.