FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak ohartarazpena egin du: lurraldeko metalgintza enpresen %20,2k ez du irabazirik lortu eta horietako asko zenbaki gorrietan dira. Patronalak ondutako txostenaren arabera, sektorearen etorkizuna “arriskuan” dago, nahiz eta argitu azken bi urteetan metalgintzaren jarduerak zertxobait hobera egin duela.
Begoña San Miguel FVEMren presidenteak azaldu du sektoreak azken bi urteetako “gainbehera” atzean utzi duela, eta merkatuko datuak hobetzen ari direla apurka-apurka. 207 konpainiek parte hartu dute patronalak eginiko azterlanean, eta enpresen ia %25ek aurreikusitakoa baino jarduera txikiagoa izan dutela aitortu dute.
Horrekin batera, Bizkaiko metalgintza sektoreko enpresen fakturazioa %0,83 hazi da lehen seihilekoan, eta patronalak aurreikusten du urteko hazkundea %1,2 baino gehiagokoa izatea. San Miguelek ohartarazi du sektorea oso une apaletik datorrela, eta, beraz, datuok zuhurtziaz irakurri behar direla. Gauzak horrela, patronaleko presidenteak ez du merkatuaren susperraldirik ikusten, baina iritzi dio sektorea zertxobait egonkortu dela.
Absentismoa ere hizpide izan du FVEMeko presidenteak, zehaztu baitu %10,4koa izan zela iaz.
Sindikatuekin talka
San Miguelen hitzetan, patronalak sektoreko lan hitzarmenaren negoziazioa "blokeatu" duela dioen sindikatuen salaketak “ez datoz bat errealitatearekin”. Uztailaren hasieran, sindikatuek aldarrikatu zuten sektoreko lan hitzarmena berritzeko negoziazioak erabat geldirik zirela, eta elkarretaratzeak egin zituzten. Bada, San Miguelek azaldu duenez, sindikatuen proposamen bateratu bat aurkeztu zain da patronala, "eta ez sindikatu bakoitzeko lau, ezinezkoa baita aldi berean lau plataformarekin negoziatzea", esan du.
FVEMeko buruak gogorarazi du negoziazio mahaia azaroan eratu zela, baina lehen bilera urtarrilean egin zutela eta bertara sindikatu bakoitza lau plataforma desberdinekin etorri zela. Otsailean egin zen bigarren bileran, patronalak bere proposamena aurkeztu zuela argitu du, eta sindikatuei eskatu ziela beren proposamen bateratua mahaigaineratzeko.
Jarraian, ziurtatu du hurrengo hiru hilabeteak bilera "erabat antzuekin" igaro zirela; izan ere, sindikatuen aldetik plataforma bateraturik proposatu ez dutela dio, eta, beraz, ezin dutela negoziatu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta