Bizkaiko Foru Ogasunak azaldu duenez, aurtengo errenta kanpainan 634,9 milioi euro itzuli eta 444,9 milioi jasotzea aurreikusten du, eta orotara, 683.000 errenta aitorpen izango dira, datorren asteazkenean hasiko den kanpainan.
Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Bilbon eta bertan eman ditu lurraldeko errenta kanpainaren gaineko datuak. Argitu duenez, errenta aitorpena aurkeztuko duten hamar pertsonetatik zazpiri dirua itzuliko zaie, 1.317 euro batez beste.
Kanpaina honetarako, 2025eko ekitaldiari buruzko datu ekonomikoak dituzten pertsona guztiek (862.930 pertsona guztira) Foru Ogasunak egindako aitorpen-zirriborroa jaso dute. Zehazki, aldundiak errenta-aitorpenaren 795.479 zirriborro egin ditu, 726.846 banakako modalitatean eta 68.633 tributazio bateratuan.
Ogasun eta Finantza diputatuak adierazi duenez, zergadunek PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ordainketa 777,5 milioi euroan murriztuko dute, araudian jasotako kenkari sozialak aplikatuta.
Berrojalbizek Bizkaian onartu berri den zerga berrikuspenen ondorioz hartutako neurrien berri eman du. Azpimarratu duenez, kenkari pertsonal eta familiar berriak gehitu dira, hala nola hiru urtetik beherakoak zaindu ondoren lan-merkatuan berriro sartzeagatik, 1.500 eurokoa emakumeentzat eta 200 eurokoa gizonentzat. Emakume ekintzaileentzako kenkariak ere gehitu dira, eta 250 euroko kenkaria ezarri da adingabeak eta mendekotasun edo desgaitasun maila jakin bat duten pertsonak zaintzeagatik.