Europan diharduten berehalako ordainketako sistema nagusiek beren plataformak konektatzea adostu dute, elkarrekin funtziona dezaten. Bizum eta Wero aplikazioak biltzen dituzten EuroPA eta EPI partzuergoek, banku-entitateek bultzatuta, baieztatu dute beren zerbitzuak elkarreragingarriak izango direla urtea amaitu baino lehen, eta horrek aukera emango duela herrialde ezberdinetako erabiltzaileen artean dirua berehala bidali eta jasotzeko.
Aurrerapen horrekin, Hego Euskal Herriko erabiltzaile batek Bizumetik zuzenean egin ahal izango dizkie transferentziak Ipar Euskal Herrian edota Alemanian zein Belgikan dauden pertsonei, orain arte ezinezkoa zena ahalbidetuta. Espainiako zerbitzuak herrialde barruan soilik baimentzen zituen ordainketak, nahiz eta duela gutxi akordio partzialak lortu zituen Italia, Portugal, Andorra eta Eskandinaviako herrialde batzuetako sistemekin. Aliantza berriak irismen hori nabarmen zabalduko du.
Interoperabilitateak 130 milioi pertsonari emango die estaldura hamahiru herrialdetan, hau da, Europar Batasuneko eta Norvegiako biztanleriaren %72 ingururi. Transferentziak jada existitzen diren aplikazio nazionaletatik egingo dira, tresna berririk deskargatu beharrik gabe, eta etorkizunean EBko kide ez diren Europako beste herrialde batzuk ere sar litezke hitzarmenean. Plataforma horiek kudeatzen dituzten erakundeek sozietate berri bat sortuko dute proiektua koordinatzeko, 2026an guztiz operatibo egon dadin. Urtebete geroago, 2027an, beste urrats bat egingo du sistemak, partikularren arteko diru bidalketez gain, denda fisikoetan eta merkataritza elektronikoan ere ordainketak sartuko baititu.
Bizumek 30 milioi erabiltzaile ditu, eta Bizum Pay merkaturatu nahi du eboluzio horren barruan. Bere helburua ordainketa komertzialen eremuan Visa eta Mastercard estatubatuarren sare tradizionalekin lehiatzea da, alternatiba europearraren bidez saltokientzako kostu baxuagoak eta likidazioak egun berean eskainita.