Black Friday gaur, azaroak 27 ostirala, ospatzen den arren, merkataritza establezimendu askok duela zenbait egun ekin zieten deskontu kanpainei. Gabonetako erosketak aurreratzeko eta ohikoa baino merkeago erosteko aukera ikusten dute kontsumitzaileek; enpresek, berriz, fakturazioa handitzekoa. Bada, ordea, egunotan etekina ateratzea espero duen beste kolektibo bat ere: hackerrena. Sareko salerosketen gorakadak iruzurretarako gune aproposa eskaintzen die, eta kontsumitzaileen dirua ez ezik, merkatarien jarduera ekonomikoa ere jar dezakete arriskuan haien erasoek.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Darktrace zibersegurtasun enpresak iazko azaroan jakinarazi zuenez, hilabete hasieratik %620 ugaritu ziren Ostiral Beltzeko eskaintzekin lotutako phishing saiakerak. Enpresa edo erakunde baten izenean jardunez, erabiltzaileak engainatu eta haien datu pertsonalak edo bankukoak eskuratzean datza iruzur mota hori. Deskontu garaian, kontsumitzaileen erosketa ohiturak baliatzen dituzte hackerrek beren mezuak sinesgarriago egiteko.
Eduardo Perez Ikusiko Espainiako zibersegurtasun zuzendariak prentsa ohar batean azaldu duenez, ohikoa baino askoz merkeago dauden produktuen iragarkiak baliatzen dituzte, esaterako, erosleak saltoki faltsuetara bideratzeko. Eskaintzaren iraupen mugatuak edo produktua agortzeko beldurrak erabakiak azkar hartzera bultza dezakete kontsumitzailea, saltokia fidagarria ote den egiaztatzeko astirik hartu gabe.
Behin erosketa eginda ere, arriskuak hor daude. Ordainketan ustezko akats bat gertatu dela jakinarazten duten mezu elektronikoak edota pakete bat jasotzeko diru kopuru txiki bat ordaintzea eskatzen duten SMSak dira iruzur egiteko beste bideetako batzuk. Hainbat eskaera egin dituen eta paketeak jasotzeko zain dagoen kontsumitzailearentzat zailagoa izan daiteke benetako jakinarazpenak eta iruzurrezkoak bereiztea.
Ordainketan ustezko akats bat gertatu dela jakinarazten duten mezu elektronikoak edota pakete bat jasotzeko diru kopuru txiki bat ordaintzea eskatzen duten SMSak dira iruzur egiteko beste bideetako batzuk
"Egunotan erosketen eta bidalketen inguruko jakinarazpen ugari jasotzen ditugu. Mezu kopuru horren ondorioz, erne egoteari utzi eta mezu elektroniko edo SMS faltsu bat normaltzat jo dezakegu", azaldu du Perezek. Zalantzarik izanez gero, jasotako estekan klik egin beharrean, dagokion enpresaren webgunera edo aplikazio ofizialera zuzenean jotzea gomendatu du. Erosketen egiaztagiriak gordetzea ere komeni da, bankuko mugimenduetan kargu ezezagunen bat antzemanez gero erreklamazioa egin ahal izateko.
Kontsumitzaileak ez dira, alabaina, eraso informatikoen ondorio ekonomikoak paira ditzaketen bakarrak. Merkatarientzat, salmentak sustatzeko ahalegin berezia egiten duten garaian jarduera eteteak diru sarrerak galtzea ekar dezake. Saltoki fisiko batean ateak itxita edukitzearen parekoa izan daiteke sareko denda batentzat bezeroek webgunera sartzeko edo ordainketa egiteko aukerarik ez izatea.
Halako egoerak eragin ditzakete DDoS izenez ezagutzen diren zerbitzua ukatzeko eraso banatuek. Hainbat puntutatik webgune edo zerbitzu digital batera eskaera ugari bidaltzean datza erasoa, sistemak gainezka egin eta behar bezala erantzuteari uzten dion arte. Cloudflare enpresak bildutako datuen arabera, 2024ko Cyber Week delakoan, Ameriketako Estatu Batuetara zuzendutako trafikoan blokeatutako DDoS eskaeren kopurua %41 handitu zen aurreko astearekin alderatuta.
Webgunearen funtzionamendua bermatzeaz gain, ordainketen segurtasuna ere zaindu behar dute merkatariek
Webgunearen funtzionamendua bermatzeaz gain, ordainketen segurtasuna ere zaindu behar dute merkatariek. Hackerrek prozesu automatizatuak balia ditzakete banku txartelen datuak probatzeko edo eskari handiko produktuak erosteko. Salerosketak ugaritzen direnean, zailagoa izan daiteke eragiketa susmagarriak antzematea. Enpresen erronka iruzurrezko eragiketak atzematea da, segurtasun neurriek benetako erosketak oztopatu gabe.
Bezeroak ordainketa egin izanak ere ez du bermatzen salerosketa behar bezala burutuko denik. Produktua eroslearengana iritsi arte, hainbat sistemek eta eragilek hartzen dute parte prozesuan. Biltegiko kudeaketa sistemetan edo hornitzaile baten zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, baliteke enpresak eskaerak jasotzen jarraitzea, baina stocka egiaztatu, produktuak prestatu edo bezeroei helarazi ezinik geratzea.
"Negozioaren jarraitutasuna kate osoak funtzionatzearen araberakoa da", azpimarratu du Perezek. Haren hitzetan, ez du askorako balio webguneak martxan jarraitzeak ordainketa sistemak, eskaeren kudeaketak edo biltegiak huts egiten badu. Horregatik, aurreikusitako eskariari erantzuteko gaitasuna aldez aurretik probatzea gomendatu die enpresei. Gorabeheraren bat gertatuz gero, lehenik zein sistema berreskuratu behar diren eta bitartean jarduerari nola eutsi zehaztea ere komeni dela azaldu du.
Ez du askorako balio webguneak martxan jarraitzeak ordainketa sistemak, eskaeren kudeaketak edo biltegiak huts egiten badu
Black Fridayren gisako kanpainetan, merkatariek baliabideak bideratzen dituzte bezeroak erakartzera, publizitatea egitera eta salmentak sustatzera. Sortutako eskariari erantzuteko gaitasunaren araberakoak izango dira, neurri batean, ahalegin horren emaitza ekonomikoak ere. Zibersegurtasuna, beraz, ez da auzi teknologiko hutsa, negozioaren kudeaketari eta errentagarritasunari ere badagokiona baizik. Deskontu kanpainak egun gutxiko iraupena izan dezake; segurtasun gorabehera baten ondorio ekonomikoek, eta bereziki bezeroen konfiantza galtzeak, askoz gehiago iraun dezakete.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta