Bokazioa, landa eremuko bizimodurako ezinbesteko

Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan landa eremuko egungo egoera eta erronkak izan dituzte hizpide. Bertako bizimoldearekiko sentiberatasunaren eta errespetuaren beharra azpimarratu dituzte

EHU-ko Udako Ikastaroetan landa eremuko egoeraren hausnarketa | Argazkia: EnpresaBIDEA EHU-ko Udako Ikastaroetan landa eremuko egoeraren hausnarketa | Argazkia: EnpresaBIDEA

Landa eremua gizartearen kultura-nortasunari eusten dion inguruneetako bat dela esan daiteke. Bertan bizi direnek, lurrarekin duten harreman estuari esker, bizitzeko behar duten oinarrizkoena lortu dute. Harreman horrek hamaika aldaketa izan ditu historian zehar eta landa-ingurunea bizimoduaren gorabeheretara egokituz joan da, baita berrikuntza teknologikoetara ere. Baina, zein egoeratan dago une honetan Euskal Herriko landa eremua eta, bereziki, zer nolako beharrak ditu? Hausnarketa hori egin nahi izan dute Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan.

2020ko Nekazaritza Erroldako datuen arabera, hiri eta herri handietatik landa eremura bizitzera joateko joerak indartsu jarraitzen du. Era berean, landa eremura hurbildu bai baina, gehiengoak, atzera ere alde egin du. Baliabide falta izan liteke arrazoi nagusienetariko bat, baina, “ezagutza falta” da Edurne Basterraren esanetan, landatik alde egitearen zergati pisutsuena. Lorezaintza haztegi bat du bikotekidearekin batera Agurainen, eta, aldi berean, nekazari eta abeltzaina da. Landa eremuan bizi eta lehen sektorean lan egin nahi duen gazte bati emango zizkiokeen aholkuez galdetuta, argi dio bizimodu “zaila” dela eta “bokazioa izatea ezinbestekoa” dela. Txerriak eta Lumagorri baserriko oilaskoak hazten dituzte ustiategi txikietan eta Edurnek azaldu duenez, halako negozioak aurrera eramateko, gogoa bakarrik ez, indarrean dagoen araudiaren inguruko “ezagutza minimo bat” ere izan behar da, agiri ugari “eguneratuta” izan behar baitituzte. Hala ere, bere bizimoldea “errentagarri” egiten zaiola azaldu du.  

Edurne Basterra: “Landa eremuko bizimodua zaila da, bokazioa izatea ezinbestekoa da”

Eider Ajuriagerra da ikastaroan landa eremuko egoeraren inguruan gogoeta egin duen beste emakume bat. Errentagarri egiten ez zitzaiola eta, lehen sektorea alde batera utzi eta administrazioari heldu zion berak. Zeanuriko alkatea da egun. “Bizimodu zailtzat” du lehen sektorekoa eta, nekazari eta abeltzain familiakoa bada ere, “hain neketsua ez den lanbide” bat nahiago izan du. Garrantzitsua iruditzen zaio lehen sektorean lan egin nahi duenari “benetako egoera zein den argi azaltzea”.

Landa eremuko beharrak

Hiritik landa eremura dagoen aldea “oso handia” dela azaldu du, bere aldetik, Iker Karrera Tolomendi Tolosaldeko Mendi eta Nekazaritza Elkarteko kudeatzaileak. Hirietan politika berdeei edota metroaren ibilbideari begira dauden bitartean, oinarrizkoa dena falta baita askotan landa eremuan. Tartean dira, esaterako, telefono linea, banda zabala edota uraren saneamendua, hirietan inoiz faltako ez diren baliabideak.

Era berean, azaldu du administrazioak izaten direla gehienetan landa eremuari lotutako erabakiak hartzen dituztenak, baina beharrezkotzat jo du herritarrei ahotsa ematea, bere hitzetan, “inor baino hobeto beraiek dakitelako landa eremuan egiaz zer nolako beharrak dituzten”.

Iker Karrera: “landa eremuko biztanleek dakite beste inor baino hobeto egiaz zer nolako beharrak dituzten”

Beharrei lotuta, Juan Andres Gutierrez Euromontana Europako landa eremuko elkartearen ordezkariak dio, elkarteak egindako ikerketa baten arabera, Europa mailan, orokorrean “gustura” bizi dela jendea landa eremuan. Hala ere, eskakizunen artean legoke “baliabide gehiagoren beharra”. Hori Europa mailan, baina Gutierrezen ustetan, Euskal Herrian egoera oso bestelakoa da: “Hemengo landa eremutik oso gertu dago herri handi edo hiriren bat. Kilometro eskasean era guztietako zerbitzuak izan ditzakegu. Espainia barnealdeko herri txikietan ez da halakorik gertatzen eta horregatik ari da husten landa eremua. Euskal Herrian abantaila hori izanda bultzatu egin behar dugu landa eremuko bizimodua”.

Era berean, hausnarketan izan diren lau protagonistek argi diote beharrezkoa dela “elkarrekin beharrak aztertu” eta landa eremuari “bultzada bat ematea”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK