• EKONOMIA
  • Bonnat-Helleu museoa herritarren esku

Bonnat-Helleu museoa herritarren esku

30 milioi euroko inbertsioa eta 14 urtez berritze lanak egin ostean, Baionako Bonnat-Helleu arte ederren museoak aste honetan zabaldu ditu berriz ateak. Galerien eremua bikoiztu duen erakustokiak ehunka bisitari hartzen ditu egunotan. 100 000 bisitari espero dituzte urtero Bonnat, Da Vinci, Rembrandt, Goya, Murillo eta El Grecoren obrak erakusten dituzten museoan

Baionako museo ireki berriko koadro bat | Argazkia: Franck Dolosor
Baionako museo ireki berriko koadro bat | Argazkia: Franck Dolosor
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2025eko abenduaren 1a - 05:30

Poza, loria, ikusmina eta harrotasuna. Gisa horretako hitzak entzuten dira behin eta berriz Baionako Bonnat-Helleu museoan egun hauetan. Ia 15 urteko berritze lanen ondotik, estrenaldi ofiziala asteazkenean egin zen Rachida Dati Frantziako Kultura ministroa eta Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako Kultura sailburua bertan zeudela. Ostegunean ateak publikoari ireki zizkioten eta geroztik ehunka bisitari hartzen dituzte prebisioak gaindituz. “Lehen egunean bi mila bisitari izan genituen eta bigarrenean mila. Uholde handia izaten ari da, 700 bat espero baikenituen”, adierazi du Arantxa Vaillant Bonnat-Helleu museoaren garapen arduradunak.

 

Lehen bisitarien artean Miren Arzalluz Guggenheim Museoaren zuzendaria bera egon da. “Baionako erakustokia Euskal Herriko beste aktore oso indartsua da, eta oso garrantzitsua da gure kulturarentzat. Izugarriko bilduma ederra eta potentea dauka. Ikusteko irrikitan nengoen, eta etorkizunera begira elkarlanean aritzeko gogoak ditut. Proiektu ederrak aurkituko ditugu hor baitago gure indarra, lankidetzan aritzea. Guggenheim bezala hau ere herri proiektua da”, zehaztu du Arzalluzek.

Louvre museoak Paristik kanpo duen biltegi handiena da Bonnat-Helleu. Bertako 2.500 obra pasa Lapurdiko hiriburuan daude. Denera, Baionako museoan 7.000 obra dauzkate, erdia marrazkiak dira eta mundu osoan dagoen bilduma aberetsanetakoa da. Zaurgarriak direnez, marrazki horiek hiru hilabetez baizik ez dituzte erakutsi ahal izango, eta, beraz, erakusketa maiz aldatuko dute. Margoen artean Ingresen Emazte bainularia ezaguna Baionan egotea azpimarratu dute.

 

Barthélémy Etchegoyen Glama museoko zuzendariak maiz dio Bonnat-Helleu Louvre txikia dela Euskal Herrian. 34 urteko donapaleutarrak 40 lagunek osatzen duten lantaldea zuzentzen du joan den otsailetik. Parisen eta New Yorken ikasketak eta lan egin, eta, amikuztarra sorterrira itzuli ahal izan da abentura berri hori zuzentzeko. “Gure taldean 30 lanbide daude, abentura kolektiboa da. Zorte ona dugu denek maitasun handiz lan egiten dute eta. Dena den, pozaz gain kezka ere sentitzen dugu doi bat. Ongi egin ote dugu gure lana Euskal Herri osoarentzat? Ea orain publikoak zer dioen eta ea bere egiten dutenez gune berritu hau”, azaldu du Etchegoyenek. Bere hurbileko kolaboratzailea da Hélène Ferron bildumen zuzendaria. Arte ederren arloan adituak ez direnei ulermena erraztea da beren helburu nagusia. Zenbait gunetan garai desberdinak nahasi dituzte gai zehatz batzuen inguruan, eta obren arteko solasaldia bultzatu nahi izan dute.

Louvre museoak Paristik kanpo duen biltegi handiena da Bonnat-Helleu. Bertako 2.500 obra pasa Lapurdiko hiriburuan daude

Bonnat-Helleu museoaren berritzea Jean René Etchegaray Baionako alkate zentristaren agintaldiaren ikur nagusienetako bat da. Lortu izanaz pozik dago, ibilbide luzean maiz bakarrik sentitu baitzuen bere burua. Bere hitzetan, Baionak eta Euskal Herriak ongi bizitzeko osagai asko dute eta orain erreferentzia berriaz gozatzeko aukera dute goi mailako kulturgune berrituaren inguruan. Izan ere, museoan bertan bi patio, kafetegia eta aretoak daude ekitaldiak antolatu ahal izateko. Honenbestez, Baiona txikia eta herriko etxearen artean dagoen museo berrituaren helburua da zabalik dagoen bizigune garrantzitsua izatea.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Kultura sailburuak ere gisa horretan ikusten du Bonnat-Helleu museoa. “Harreman oso estuak dauzkagu Iparraldea eta Akitania Berria eskualdearekin, eta konexio horiek gehiago sakonduko ditugu. Kultura elementu berria daukagu gure herrian eta orain obra horiez gozatu behar dugu elkarrekin” adierazi du pozik.

20251125 095116
Museoaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Franck Dolosor

Louvre museoan joan den urrian izan zen lapurketa dela eta, segurtasunaren gaiak garrantzi handia hartu du azkenaldian Baionan ere. Bonnat-Helleu museoko arduradunek deitoratzen dute toki lasaiak izatetik mehatxu lekura izatera igaro direla erakustokiak, mundu osoan eta Europan, batik bat. Jadanik indarrean zegoen dispositiboa ikuskatu eta berrikusi dute. Zainketa sistema osoak indarrean dagoen legedia errespetatzen du, eta indar berezia egiten dute obren argiztapenari dagokionez. Louvren izandako ezbeharraren ondotik arreta are handiagoa daukate museoetan.

Bonnat-Helleu museoaren estreinaldiaren egunean Peio Dufau Lapurdiko kostaldeko diputatuak Bernat Etxeparek idatzitako Linguae Vasconum Primitiae liburuaren kopia eskaini zion Rachida Dati Frantziako kultura ministroari. Bide batez, urtarrilaren 11 arte Baionako Euskal Museoan ikus litekeen liburuaren kopia bakarra Euskal Herrian egon dadin betirako eskatu zion EH Bairen legebiltzarkideak. Beren aldetik, euskalgintzaren ordezkariek gogoratu dute eragile askok prekaritatea jasaten dutela maiz. “Proiektu handi eta ospetsuak begi onez ikusten ditugu, baina horretaz arduratzen direnek ez ditzatela ahantzi urte osoan xinaurriak bezala lan egiten duten Baionako eta Ipar Euskal Herriko kultura eragile txikiak”, bota du Luzien Etxezaharreta idazlea eta Maiatz argitaletxearen arduradunak.