Irakasleak, erizainak edo suhiltzaileak eskuz esku ibili dira Lapurdiko hiriburuan funtzio publikoa babestu behar dela aldarrikatzeko. Hezkuntza eta osasungintzaren kalitatea apaltzen ari dela salatu dute manifestariek. Aho batez deitoratu dute lanaren balioa galtzen ari dela, langileak haserre daudela erosteko ahalmena apaltzen ari baita eta oro har sufrimendu handia dagoela. “Ikasgeletan ikasle gehiegi dago maiz eta beroaldiak ez du batere laguntzen. Ospitaletan ere langileak falta direnez erabiltzaileek tratu txarrak jasaten dituzte nolabait. Uda honetan, zortzi mila lagun hil dira Frantziako Estatuko erietxeetan. Poliziak berak ezin du gehiago segurtasuna bermatu”, bota du manifestari batek.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Astearte honetako grebak eragin mugatua izan du Ipar Euskal Herriko hezkuntzan, osasungintzan eta garraio publikoan. Baionako eskolen jantokiek ez dute ohiko zerbitzua eskaini ahal izan. Manifestariek salatu dute gero eta lan gehiago egin behar dutela baliabide gutxiagorekin, eta prezio guziak emendatzen ari direla hilabete sariak salbu.
Karrikara atera diren herritar batzuek adierazi dute ez dutela gehiago dirurik aisialdiarentzat, oporrak hartzeko daukaten diru guzia erregaia erosteko erabiltzen dutelako.
David Harotzarena Hendaiako Irandatz kolegio publikoko irakaslearen hitzetan, beren ikastetxean lanpostuak eta baliabideak falta dira eta lan baldintzak txartzen ari dira aspalditik. “Langileak aspertuak izatea aski orokorra da murrizketak pairatzen ditugulako gainera. Hitz hipokritekin eta gezurrekin erantzuten digute, baina ez dira ohartzen kezka biziki zabala dela”, azpimarratu du lapurtarrak. Kati Petrissans FSU sindikatuko kidea iritzi berekoa da. “Akziodunek dirutza metatzen segitzen duten bitartean, zerbitzu publikoek gero eta gutxiago eskuratzen dute. Badira hamar urte gure hilabete sariak ez dituztela emendatu. Orain aski da!”, bota du Petrissansek.
Xan Briali Baionako ospitaleko psikiatria saileko langileak ere ongi ezagutzen ditu zailtasun horiek. Egunero, oro har, langileen %10 falta dela argitu du. Lapurdiko hiriburuko erietxean egoera dorpea da bereziki pediatria eta eskanerren zerbitzuetan, LAB sindikatuaren kidearen arabera. “Zailtasunak daude zerbitzu guzietan eta langile askok ihes egiten dute ospitaletik” deitoratu du Brialik.
Kati Petrissans (FSU sindikatuko kidea): “Akziodunek dirutza metatzen segitzen duten bitartean, zerbitzu publikoek gero eta gutxiago eskuratzen dute. Badira hamar urte gure hilabete sariak ez dituztela emendatu"
Karrikara ateratzeko arrazoinak ez direla falta argi du Jacqueline Uhart erretiroan den irakasleak. Bere hitzetan, langileak egoera txarrean daude batzuek hilabetea ezin dutelako behar bezala bukatu. Ainitzentzat erregaia eta janaria erostea ezinezkoa bilakatu dela azpimarratu du Langileen Borroka taldeko kideak. "Bi aterabide ditugu: Total enpresak irabazi duen 10 mila milioi euroko dirutza hartzea, gure dirua baita. Eta hilabete sariak, pentsioak eta familientzako dirulaguntzak emendatzea. Langileekin mintzatu behar dugu arazo guziak konpontzeko. Guk egin behar dugu alderdietatik eta sindikatuetatik pasa gabe. Guk dugu jendarte osoa itzularazten eta beraz klase kontzientzia berpiztu behar dugu" adierazi du Uhartek.
Pariserako trena hartu baino lehen, Peio Dufau Lapurdiko kostaldeko diputatuak sostengua erakutsi die Baionako geltokiaren ondoan bilduak ziren manifestariei. EH Baiko kidearen arabera, garrantzitsua da funtzionarioak eta zerbitzu publikoak babestea lan baldintzak eta hilabete sariak ainitz txartu dira eta. Dufauk gogoratu du funtzionarioek kritikak pairatzen dituztela maiz pribilegioak izanen balituzte bezala. Urtero lanpostuak desagertzen direla eta zailtasunak aspalditik daudela salatu du legebiltzarkideak. "Aitzakiak badira beti beste gauzak aipatzeko, baina bada garaia zerbitzu publikoei eta beren langileei lehentasuna emateko, azaldu du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta