• EKONOMIA
  • Zierbenak du EAEko biztanleko BPG handiena

Zierbenak du EAEko biztanleko BPG handiena

2023ko datuen arabera, Zamudio eta Olaberriak dute bigarren eta hirugarren postua

Zierbena | Argazkia: Irekia
Zierbena | Argazkia: Irekia
2025eko abenduaren 18a - 11:17

2023ko biztanleko Barne Produktu Gordinari (BPG) buruzko datu xeheak eskaini ditu gaur Eustatek, udalerri eta eskualdeka. Zierbenak (Bizkaia) eskuratu du lehen postua, EAEko biztanleko BPG handiena duen udalerria bilakatu baita 539.311 eurora iritsita. Zamudiorena (Bizkaia) izan da bigarren postua eta Olaberriarena (Gipuzkoa) hirugarrena, hurrenez hurren, 503.249 eta 384.286 euroko biztanleko BPGarekin.

 

Zenbateko hori ez da udalerrietako bizi-mailaren adierazle zuzena; neurtzen duena da leku bakoitzean bizi diren pertsona kopuruarekiko zenbateko jarduera ekonomikoa izan den.

Oro har, udalerrietako biztanle kopurua kontuan izan gabe, Barakaldo da EAEn BPG handiena sortzen duen udalerria, 2.884.490 eurorekin, hau da, EAE osoko guztizko BPGaren %3,1. Irun eta Getxo ditu atzetik, guztizko BPGaren %2,3 eta %2,1 biltzen baitute, hurrenkera bera jarraituta.

 

Eskualde bakoitzean BPG handiena duten udalerriak

Lurraldeka, Araban Berantevilla eta Erribera Beitiak dute BPG handiena. Lehenengoaren kasuan, industria-sektoreak pisua hartu du azken urteetan (jarduera ekonomikoaren %80,2 hartzen du). Bigarrenean garraio-materiala fabrikatzeko jarduerak dira nagusi.

Bizkaian, Zamudio eta Loiu nabarmentzen dira, noski, Zierbenaz gain. Zamudioren kasuan, berriro ere garrantzia hartzen du garraio-materialaren produkzioak, baita manufaktura-industriak ere. Loiun zerbitzuak dira nagusi, BPGaren %64,7 sortzen baitute, eta aireportuko jarduerak ere garrantzi handia du. Zierbenaren lehen postua, aldiz, energia elektrikoaren produkzioari eta banaketari zor zaio.

Azkenik, Gipuzkoan Aduna eta Arama gailendu dira, Olaberriaren atzetik bada ere. Adunan, bai industriak, bai zerbitzuek dute garrantzia: ibilgailu motordunen fabrikazioan, industria-ez metalikoan eta handizkako merkataritzan jarduera handia dago. Aramako BPGaren %71,4 industriaren eraginez sortzen da, baita Olaberriakoaren %77,4 ere.