• EKONOMIA
  • BPGa % 5,5 hazi da EAEn iaz eta 2020an galdutakoaren erdia berreskuratu du

BPGa % 5,5 hazi da EAEn iaz eta 2020an galdutakoaren erdia berreskuratu du

Eustaten arabera, hiru sektoreetan ikusi da gorakada handiena: Industria eta Merkataritzan, Ostalaritzan eta Garraioan

Garraioa izan da berreskuratu den sektoreetako bat | Argazkia: Enpresa Bidea
Garraioa izan da berreskuratu den sektoreetako bat | Argazkia: Enpresa Bidea
Donostia
2022ko urtarrilaren 17a - 13:00
Eg. 2022ko apirilaren 28a - 17:55

Jarduera ekonomikoa berreskuratzeari ekin diote Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2021ean. Eustatek aurreratutako datuen arabera, BPG barne produktu gordinak gora egin du iaz EAEn: % 5,5 hazi da, 2020an % 9,9 erori ondoren. Alegia, ez da pandemia aurreko datura iritsi, baina gutxi gora behera erdia berreskuratu du. 

 

Lortutakoa ez da Eusko Jaurlaritzak urte hasieran aurreikusitakoa. Orduan, % 8,6ko hazkundea espero zutela adierazi zuen gobernuak. Martxoan, ordea, bi puntu jaitsi zuen aurreikuspena, % 6,7ra, neurri murrizgarrien ondorioak eta nazioarteko egoera aintzat hartuta. Abenduan, urte amaieraren atarian, % 5,6ko igoera iragarri zuen.

Laugarren lauhilekoan koronabirusaren seigarren olatua izan bada ere, urteko zenbaki onenak lortu dira: uztailetik irailera, BPGa % 1,1 hazi zen; urritik abendura, berriz, % 1,2. Gainera, 2020ko garai berarekin alderatuta, igoera % 4,5ekoa izan da. 

 

Martxoaren 4an datu gehiago partekatuko ditu Eustatek. Izan ere, oraindik ez zeuden datu guztiak eskuragarri. Hala ere, enpleguari eta hainbat sektoreri lotutako datuak ere partekatu ditu. Estatistika Insitutuaren arabera, hiru sektore berreskuratu dira batik bat: Industria eta Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa. Horrekin batera, kanpo eskariak positiboak izan direla aurreratu du, eta barne eskarietan, kapital finkoaren eragiketa gordinak —inbertsioek— izan dutela bilakaera positiboena.

Enpleguari dagokionez, % 5,2 hazi da 2021ean, denbora osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtzen badugu. Azkeneko lauhilekoan, igoera % 0,8koa izan da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain