• EKONOMIA
  • BPGk %1,1eko igoera izan du eta enplegua %0,8 igo da bigarren hiruhilekoan

BPGk %1,1eko igoera izan du eta enplegua %0,8 igo da bigarren hiruhilekoan

Urte arteko datuei erreparatuta, BPG %5 hazi da eta enplegua %3,7

Bodega Donostiarra, Donostian. | Argazkia: EnpresaBIDEA
Bodega Donostiarra, Donostian. | Argazkia: EnpresaBIDEA
2022eko irailaren 22a

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) %1,1 igo da 2022ko bigarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoaren aldean. Iazko garai beretik, aldiz, %5eko igoera izan du, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako azken datuen arabera.  

 

Enplegua, berriz, lanaldi osoko lanpostu baliokideen arabera neurtuta, urteko bigarren hiruhilekoan %0,8 igo da hiruhileko artean, hau da, urte arteko %3,7ko hazkundea izan du. Ondorioz, 2021eko bigarren hiruhilekoan baino 35.525 lanpostu gehiago sortu dira aurtengoan.

Azken kalkulu horiek, Eustatek uztailaren 19an Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean argitaratutako datuak hobetu dituzte.

 

Sektoreak

Lehen sektoreak balio erantsia %3,2 murriztu du balio errealetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, nahiz eta aurreko hiruhilekorako zenbatetsia baino % 11,8 handiagoa izan. Industriak %6,1 gehitu du balio erantsia urte arteko terminoetan, eta manufaktura-industriak %5,9ko hazkundea izan du. Aurreko hiruhilekotik, ordea, %1,1eko hazkundea izandu lehenak eta %1,7koa bigarrenak.

Eraikuntzaren sektoreak balio erantsiaren urte arteko %1,5eko hazkundea izan du 2022ko bigarren hiruhilekoan, balio errealetan, nahiz eta aurreko hiruhilekoaren aldean %1,8 murriztu den.

Zerbitzuen sektorearen jarduera globala, urteko bigarren hiruhilekoan, %5,6 hazi da 2021eko hiruhileko beraren aldean, eta %1,4 aurreko hiruhilekotik. Hala ere, Eustatek azpimarratu du zerbitzuen portaera ez dela homogeneoa izan adarren arabera azken hiruhilekoan; izan ere, merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrean balio erantsia %14,1 igo da 2021eko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta %3,1 aurtengo lehen hiruhilekotik.

Hazkundea neurritsuagoa izan da Gainerako zerbitzuen adarrean (higiezinak, profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, baita finantzakoak eta segurtasunekoak ere), %3ko hazkunde-tasa izan baitute urte arteko terminoetan eta %1,2ekoa aurreko hiruhilekoaren aldean.

Enplegua

Enplegu osoa %3,7 hazi da 2021eko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta aurreko hiruhilekotik, berriz, %0,8ko igoera izan du.

Lehen sektorean enplegua %1,1 igo da aurreko hiruhilekotik, baina, %1,3ko jaitsiera izan du pasaden urteko hiruhileko berarekin alderatuz gero. Industrian, lanpostuen urte arteko hazkundea %2,4koa izan da, baina aurreko hiruhilekoan baino % 0,1 txikiagoa.

Eraikuntzan enpleguaren bilakaera positiboa izan da, urtebetean %1,5 hazita eta aurreko hiruhilekotik %1,3ko igoerarekin. Eta, zerbitzuen sektorean, lanaldi osoko lanpostu baliokideak %4,3 gehitu dira urte artean, hiruhileko arteko terminoetan %0,9 igota.

BPGk lurralde historikoen arabera izan duen bilakaerari dagokionez, 2022ko bigarren hiruhilekoan Gipuzkoak urte arteko %4,8ko hazkundea izan du, Arabak %4,9koa eta Bizkaiak %5,1ekoa. 2022ko lehen hiruhilekoaren aldean, Bizkaiak %1,1 egin du gora, eta Arabak eta Gipuzkoak %1,2.