• EKONOMIA
  • Brent upelaren prezioa 3,5 dolar jaitsi da, AEB eta Iranen arteko balizko akordioa tarteko

Brent upelaren prezioa 3,5 dolar jaitsi da, AEB eta Iranen arteko balizko akordioa tarteko

Merkatuetan gorakada ikusi da mundu mailan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 15a - 10:29
Eg. 2026ko ekainaren 15a - 12:42

"Erabatekoa da! [...] Petroleoa atera dadila!". Hitz horiek erabili zituen Donald Trumpek atzo Iranekin akordioa itxi dutela iragartzeko, bere 80. urtebetetzeko ospakizunetan murgilduta zegoen bitartean. Eta oraingoan, aurretik egindako beste iragarpenekin gertatu ez bezala, Iranek baieztatu egin ditu AEBko presidentearen hitzak. Urtebetetzeko oparia-edo, Iranen kontrako erasoa hasi zenetik 100 egun baino gehiago igaro direnean.

 

Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak xehetutakoaren arabera, ostiralean Suitzako Geneva hirian izenpetuko dute akordioa bi aldeek. Momentuz, baina, horri buruzko nondik norakoez jakina den gauza bakarrenetarikoa da Ormuzko itsasartea berriro irekitzea adostu dutela. Eta horrek zuzenean eragin duela merkatuen gorakadan eta petrolioaren prezioaren beheranzkoan. Zehazki, Brent upela 83 dolar inguruan kokatu da, akordioa iragarri aurretik 3,5 dolar behera eginda, % 4 inguru, beraz. West Texas Intermediatek (WTI), berriz, %5,6 egin zuen behera, upel bakoitzeko 80,16 dolarretan kokatuta.

Izan ere, mundu mailan petrolioarentzat eta gasarentzat ezinbestekoa den bidea da Ormuz. Bertatik igarotzen da mundu mailan mugitzen den petrolioaren %20 inguru, eta horren itxierak munduko merkataritza energetikoa nabari nahastu du, munduko ekoizle nagusietako batzuk ia isolatuta utzi dituelako eta funtsezko eragileak ibilbide alternatiboetara jotzera behartu baititu. Bestela esanda, gatazkaren eta bake negoziazioen erdigunean izan da hasieratik, eta hura irekitzea ezinbesteko premia da herrialdeentzat.

 

Gauzak hala, merkatuetan nabari da gorakada orain arte kolpe handiena jasan duten sektoreetan, tartean kontsumoa, turismoa edota aerolineak. Europan, esaterako, Lufthansa % 6 baino gehiago igo da; Air France, % 4,5; Accor, % 3,7; Amadeus, % 4,2; eDreams, % 6; eta IAG, % 3,5. Oro har, astelehen honetan hazkunde nabariak ikusi dira bai Asiako, bai Europako burtsetan.

Hala ere, merkatuak zuhurtziaz begiratzen diete datozen egunei, besteak beste akordioa ez delako oraindik izenpetu, eta Ormuz oraindik ez delako zabaldu. Kontuan hartu behar da, gainera, akordioa AEB eta Iranen artekoa dela, eta Israelek ez duela horretan parte hartu. Ekialde Hurbileko bi herrialdeen arteko tentsio batek zalantzan jar lezake. Atzo bertan Israelek Beirut erasotu zuen beste behin, Iranek gaitzetsi egin zuena.