
Badira modu aunitz denbora neurtzeko. Neurri zehatza du gaur egun denborak, baina batzuetan azkarregi edo motelegi doala iruditzen zaigu. Orain dela 33 urte kaleratu zuen Hertzainak taldeak Denboraren orratzak diska. Denbora luze batzuentzat, eta laburra oraindik Spotifyn entzuten jarraitzen dugunontzat.
“Neguaren bihotzeko begirada zaurituak gurutzatzen ditugu plaza desolatuetan, gerla garaiaren mehatxuak airean doaz, justiziaren larru beltzak sardeskatuz. Deboraren orratzak plegatzen gabiltza, larru beltzak josi asmoz”. Horrela kantatu zigun Garik Larru beltzak kantan. Duela hiru hamarkadako kanta bada ere, neguaren bihotzeko begirada zaurituak nonahi topa ditzakegu orain ere, gerla garaian.
Gerrekin bukatuko zuela esan zuen Donald Trumpek, baina Gazarako iragarritako proposamenek mehatxu itxura dute. Denbora laburrean, abiadura handian, alderdi demokrataren politikak ezabatu ditu presidente berriak. Osasun arloan, aniztasun politikan, kanpoko laguntzan... asko izan dira errepublikarrek artaziak atera eta egin dituzten murrizketak. Migrazioaren alorrean deportazioak iragarri eta izua zabaldu da etorkinen artean, begirada zaurituak eraginez.
Diskurtsoan aldaketa igarri diogu Trumpi. Bozketan Txina begiz jota bazuen ere, muga-zergak %10koak izan daitezkeela iradoki du, Europari ezarriko dizkionak baino baxuagoak, antza
Arlo ekonomikoan ez du, momentuz, iragarpen nagusirik egin. Muga-zergen mehatxuarekin hauteskunde kanpainan aritu ostean, presarik ez duela erabaki eta otsailerako atzeratu ditu hartu beharreko neurriak. Are gehiago, diskurtsoan aldaketa igarri diogu Trumpi. Bozketan Txina begiz jota bazuen ere, muga-zergak %10koak izan daitezkeela iradoki du, Europari ezarriko dizkionak baino baxuagoak, antza.
Estatuaren ia erabateko kontrola izango duen presidenteak moneta politikan, ordea, ezin izan du eragin. Tasak gehiago jaistearen aldekoa da Trump, baina Erreserba Federalak ez du bere desioen aurrean amore eman, eta diruaren prezioa %4,5ean uztea erabaki du, tasak jaitsi barik. Beheranzko joeran etena egin du Fed-ek, Etxe Zuriak abiatu nahi duen merkataritza gerraren ondorioak ezagutu arte. 2024ko irailean tasak jaisten hasi zenetik egiten duen lehen etena da. Urte hasieran merkatuek bi jaitsiera espero zituzten 2025ean zehar, baina Fed-eko buruari entzunda, baliteke jaitsiera bakarra izatea. Ez du presarik Jerome Powellek tasak jaisteko, Trumpen presioak presio.
Lagarden denbora-pertzepzioa
Aitzitik, denbora-pertzepzio bera ez omen du Christine Lagardek eta, Powellek ez bezela, presa du tasak jaisteko. Atzo bildu zen Europako Banku Zentrala, eta tasak 25 puntu jaistea erabaki zuen, %2,75ean utzita. Parekatuta joaten ohi dira EBZ eta Erreserba Federala moneta politikari buruzko erabakiak hartzeko orduan, baina oraingoan ez da horrela izan. Europak diruaren prezio ofiziala murrizteak AEBk berdin mantenduta euroaren ahultzea dakar, dolarretan ordaindutako inportazioak garestituz. Ikusteko dago nola eragin dezakeen albo kalte horrek inflazioa menderatzea xede duen Europako Banku Zentralarentzat.
Egia esan, merkatuak ezustekoz ezusteko dabiltzan garai honetan (DeepSeekek burtsetan eragindako hondamendia ikustea baino ez dago), Lagardek zuzentzen duen denbora lasaiak eskertzekoak dira. Aurreikusteko moduko erabakiak hartzen ditu EBZk gehien bat. Arreta, edo emozioa, neurriak azaltzeko erabiltzen dituen hitzetan dago. Maisuak dira EBZko buruak hitzekin jolasten, eta xehe aztertu behar dira haiek esandakoak hurrengo urratsak ulertzeko.
Litekeena da tasak neutraltzat hartzen den mailara hurbiltzea, ekonomian ez alde ez kontra eragingo duen mailara, baina baliteke prozesua espero bezain azkarra ez izatea
Duela hilabete gutxi batzuk, bai Erreserba Federalak, bai EBZk tasak azkar jaitsiko zituztela espero bazen ere, egoera aldatu egin da. Fed-en kasuan 2025erako beste jaitsieraren bat —bi agian— espero liteke, eta Europaren kasuan ildoa ezbaian ez badago ere, abiadura izango da gakoa. Litekeena da tasak neutraltzat hartzen den mailara hurbiltzea, ekonomian ez alde ez kontra eragingo duen mailara, baina baliteke prozesua espero bezain azkarra ez izatea. Denboraren orratzak, berriz ere. Merkatuak, beti bezala, honen jakitun dira, eta euriborraren bilakaera ikusi baino ez dago. Atzo urtebeterako euriborra lau milaren jaitsi zen, eta urtarrileko behin behineko batezbestekoa %2,526an geldituko da, abendukoa baino zertxobait altuago (%2,463). Iazko datuarekin alderatuta, ordea, jaitsiera nabariagoa izan da (%3,605ean zegoen duela urtebete), eta hipoteka mailegua dutenek kuota nola arintzen den ikusiko dute.
Pentsioen errebalorizazioari baietz
Denbora modu bizian aurrera doala ezin da uka eta aste hau horren adibide izan dugu, batez ere informazio ekonomikoaren alorrean. Hala, aste berean Hego Euskal Herriko jubilatuen pentsioen errebalorizazioa ezbaian egon ostean, Espainiako kongresuan PP eta Junts alderdiek aurka bozkatu eta gero, bi alderdiek iritziz aldatu eta alde bozkatu dute. Pedro Sánchezen gobernuak pentsioen errebalorizazioa barne hartzen zuen Omnibus dekretua zertxobait moldatu ostean.
Garraio publikorako laguntzak eta bestelako neurri sozialak biltzen ditu dekretu berriak, baina ibilgailu jasangarriak eta karga puntuak sustatzen dituen Moves plana kanpoan utzi dute. Neurri horrek zartako galanta suposatu du autogintzan, auto elektriko zein hibridoak erosteko orduan pizgarri garrantzitsua zelako.
Garraio publikorako laguntzak eta bestelako neurri sozialak biltzen ditu dekretu berriak, baina ibilgailu jasangarriak eta karga puntuak sustatzen dituen Moves plana kanpoan utzi dute
Nekez ulertu daiteke egoera hori, are gehiago agintari publikoak behin eta berriz trantsizio ekologikorako ibilgailu elektrikoen garrantzia nabarmentzen dutenean. Horren erakusle astelehen honetan izan dugu: Maria Chivite Nafarroako presidenteak, Salvador Illa eta Carlos Mazon Katalunia eta Valentziako presidenteek eta Jordi Hereu Industria Ministroak, Wayne Griffiths Seateko presidentearen ondoan, adierazpena egin zuten elkarrekin etorkizuneko mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko. Horretarako ibilgailu elektrikoak erosteko pizgarri eraginkorren beharra nabarmendu zuten. Polita bezain inkoherentea izan zen argazkia, aste berean argazkian agertzen diren bi alderdiak pizgarri horiek aurrera ateratzeko gauza ez direla izan ikusita.
Brexit, bost urte
Bost urte bete dira aste honetan Brexita gauzatu zenetik. Downing Streeten erloju erraldoia proiektatu zuen Boris Johnson lehen ministroak, Europatik aldentzeko (askatzeko, batzuentzat) falta zen denbora neurtzeko.
Ondo neurtu ez zuena, ordea, ondorioa izan zen. Brexita gauzatu zen urtean bere BPGk %10,3 egin zuen atzera, bake garaiko atzerakadarik handiena. Hurrengo urteetan ekonomiak gora egin du, eta Brexit aurrekoa baino BPG handiagoa du egun, prezioen gorakada aintzat hartu barik. Ez da erraza estimatzea Brexitik gabe Erresuma Batuko ekonomiak nolako portaera izango zukeen, batez ere pandemia bat tartean egonda, baina hainbat kalkuluren arabera zuloa %4koa izan daiteke.
Ez da erraza estimatzea Brexitik gabe Erresuma Batuko ekonomiak nolako portaera izango zukeen, batez ere pandemia bat tartean egonda, baina hainbat kalkuluren arabera zuloa %4koa izan daiteke
Brexit eta hurrengo hilabeteak anabasa izan ziren arlo askotan, eta merkataritza trabak izugarri handitu ziren. Pertsonen zirkulazio askea bertan behera uzteak hainbat lanpostu betetzeko zailtasunak areagotu zituen eta inportazioei muga zerga ezartzeak prezioak garestitu.
Nahasmen ekonomikoak politikan ere isla izan zuen, eta bost urte hauetan lau lehen ministro izan du Erresuma Batuak. Elizabeth Trussena izan da, zalantza barik, kasurik argigarriena. Oinarri sendorik gabeko proposamen ekonomikoek hondamendia eragin zuten finantza merkatuetan, Erresuma Batuaren kaudimena zalantzan utzita, eta agintea utzi behar izan zuen kargua hartu eta hilabete erdira.
Asko izan dira Brexitaren aldeko bozka emateaz damutu diren hiritarrak eta hainbat inkesten arabera, biztanleen %57 Europako Batasuna bueltatzearen aldekoak dira
Asko izan dira Brexitaren aldeko bozka emateaz damutu diren hiritarrak, eta hainbat inkesten arabera, biztanleen %57 Europako Batasuna bueltatzearen aldekoak dira. Egungo lehen ministroak ez du horren urrun heldu nahi, baina Europarekin duen akordioa berrikustearen aldekoa da. Hurrengo urtean heldu beharko diote berriz ere Londresek eta Bruselak negoziazioei, arrantza-kuotak berrikusteko.
Litekeena da akordio berriak adostea eta uharteak kontinentetik zertxobait gertuago kokatzea, batez ere munduaren jokaleku geopolitiko berria ikusita. Txina eta AEBren arteko talka kontuan hartuta, Britainia Handiarena bezalako ekonomia txikiak nekez lortu dezake garrantzia handitzea eta bidelagunen beharra du. Kanpo merkataritzan ere ondorio nabariak utzi zituen Brexitak, eta hala islatzen da Hego Euskal Herriarekiko harremanetan. Euskal Autonomia Erkidegoaren hirugarren jomuga nagusia izan zen Erresuma Batua 2019an, Brexit aurretik, esportazio guztien %9,2arekin. Pisu hori laurden bat murriztu da, %7 suposatuz gaur egun. Banaketa gauzatu aurretik baino 321 milioi euro gutxiago esportatzen dugu gaur egun. Brexitak ezarritako trabak ikusita merkatu berriak bilatu behar izan zituzten hemengo enpresek.
DeepSeeken astindua
Asteko albistea, zalantza barik, DeepSeek enpresa txinatarrak eragindako tsunamia izan da. Jokalari berriak gogor jo du orain arte Open AI konpainia estatubatuarra buru zen adimen artifizialaren eremua. Askoz merkeagoa da txinatarren proposamena, kode irekikoa, eta lehendik zeuden erreferentziekin alderatuta, energiaren eta baliabide informatikoen kontsumoa askoz ere txikiagoa du.
Etxe Zuriak Txinara erdieroaleak esportatzeko debekua ezarri bazuen ere, DeepSeek lehiakide indartsua bilakatu da, Nvidia enpresaren txipen azken bertsioak erabili barik. Horrek zalantzak piztu ditu AEBko enpresa teknologikoen balorazioen inguruan. Nvidiaren kasuan, 593.000 milioi dolar galdu zituen egun bakarrean, historiako beherakadarik handiena, beste teknologiko batzuei ere eraginez. Berrikuntza horrek zalantzan jarri du amerikarren lidergoa, Txinara txipak esportatzeko debekuaren eraginkortasunik eza erakusten du, AAren garapena demokratizatzen du eta agerian uzten du Txinak gero eta eragin handiagoa duela AAren teknologia indartsuetan.
Etxe Zuriak Txinara erdieroaleak esportatzeko debekua ezarri bazuen ere, DeepSeek lehiakide indartsua bilakatu da, Nvidia enpresaren txipen azken bertsioak erabili barik
Adimen artifizialaren lehia berri horrek are ageriago utzi du Europaren ahultasuna. Arrakala teknologiko nabarmena dago AEB eta Txinarekiko, eta atzean gelditzeko arriskua gero eta handiagoa da. Konponbide bila aritu da Europako Batzordea azken urtean, eta Mario Draghi eta Enrico Lettari eskatutako txostenak horren adibide dira. Hausnarketa horren emaitza Ursula Von Der Leyenek asteazkenean aurkeztu duen Europako Lehiakortasunaren Iparrorratza da. Hurrengo bost urterako plangintza da, eta legegintzaldian zehar ezarriko diren ekimenen zerrenda bat jasotzen du, hala nola administrazioa eta araudia erraztea, ekosistema ekintzailea eta teknologikoa bultzatzea, merkatu bakarrean aurrera egitea eta ekonomia deskarbonizatzera bideratutakoak.
Planak merkatu bakarraren tamainaren onuretan oinarritu nahi du, ahalik eta etekin handiena ateratzeko, oztopoak kenduz eta "Europako eta estatuetako politiken koordinazioa hobetuta". Horretarako, Europako Batzordeak omnibus sinplifikazio burokratikoa abiaraziko du, eta kapitalizazio ertaineko enpresen kontzeptua birdefinituko du. Itxura ona du proposamen berriak, baina ikusteko dago iparrorratzak norabidea ongi finkatzeko balio duen.
Gabezia nabaria ere badu, finatzaketarena. Von der Leyenek ez du aurreratu plangintzak behar dituen funtsak nola lortuko diren
Gabezia nabaria ere badu, finatzaketarena. Von der Leyenek ez du aurreratu plangintzak behar dituen funtsak nola lortuko diren. Next Generation ekimena datorren urteko abuztuan bukatuko da. Mugarria izan zen programa hori Europa osoak bermatutako zor-jaulkipenak finantzatu zituelako. Oraingoan ez dago jakiterik estatuek antzeko tresnaren bat erabiltzea baimenduko duten. Iparrorratza egon badago, baina dirurik ez. Ikusteko dago Europa Txina eta AEBren maila berean lehiatzeko tresna izango den ala ez. Orratzak orratz, Europaren azken aukera izan liteke. Denborak esango du. Berri Txarrak taldeak kantatu bezala, "denbora da poligrafo bakarra".