• EKONOMIA
  • Busturialdea-Urdaibaiko etorkizuna: 303 milioi euroko inbertsioa

Busturialdea-Urdaibaiko etorkizuna: 303 milioi euroko inbertsioa

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskualdeko plan estrategikoak hainbat eta hainbat proiektu biltzen ditu: industria poligono berria, Bermeoko portuaren eraldaketa eta etxebizitza publikoak, besteak beste. 2030. urtera bitartean gauzatuko dira egitasmoak

Uztailean aurkeztu zuen aldundiak plan estrategikoa | Argazkia: BFA
Uztailean aurkeztu zuen aldundiak plan estrategikoa | Argazkia: BFA
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko irailaren 30a - 05:30

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, udalerrien laguntzaz, Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoa jarri dute martxan, eskualdearen garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari norabide bateratua emateko asmoz.

 

Planaren elaborazio prozesua 2024ko maiatzean hasi eta 2025eko irailean amaitu da, nahiz eta 2030 urtera bitartean garatuko den. Prozesuan zenbait eragilek hartu dute parte: udalerriekin bilerak egin dira, 639 herritarren iritziak jaso dira, Eskualdeko Partaidetza Foroa birritan bildu da, eta eskualdetik kanpoko erakunde, teknikari eta arduradunekin ere hamaika bilera egin dira.

Diagnostiko eta kontraste lan horren emaitza gisa, planean zortzi erronka estrategiko zehaztu dituzte, eta horien araberako hamahiru trakzio proiektu identifikatu dira. Proiektu horiek izango dira planaren ardatz nagusiak, eta 2030. urtea izango dute gauzatzeko epe muga. Ekimen horiek egiteko 54 milioi euroko inbertsioa egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak eta 24 milioi eurokoa Eusko Jaurlaritzak.

 

Planean zortzi erronka estrategiko zehaztu dituzte, eta horien araberako hamahiru trakzio proiektu identifikatu dira

Hala ere, planak bestelako proiektu gehigarri batzuk ere biltzen ditu, zeintzuetan Bizkaiko Foru Aldundiak 165 milioi euro inbertituko dituen eta Eusko Jaurlaritzak 60 milioi. Diru hori aurrekontu arruntetatik aterako da, eta, ondorioz, ez dute 2030. urtea epe muga izango.

Hala, trakzio proiektuak eta bestelako ekimen gehigarriak kontuan izanik, 303 milioi euroko guztizko aurrekontua bideratuko da plan estrategikora. Urtez urte, planaren jarraipena egiteko txostena argitaratuko da, biztanle zein eragileek une oro jakin dezaten zein den proiektuen egoera.

971919753 202410161822196570398 26322
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren talde eragilea | Argazkia: BFA

Planaren aurkezpenean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak zioen lurralde-kohesioa eta eskualdeen arteko oreka “lehentasuna” direla Aldundiarentzat, eta Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoa Bizkaia “lehiakorragoa, orekatuagoa eta kohesionatuagoa” izan dadin hartu duten “konpromisoaren erakusgarri" dela.

Garapen agentzia, sustapen ekonomikorako

Planaren proiektuen artean jasotzen denetako bat da agentzia publiko-pribatu berria, sustapen ekonomikoa eskualde ikuspegitik bultatzeko asmoz. Agentziari esker, udalen arteko koordinazio handiagoa bilatuko da, sinergiak sustatuta; jarduera-eremu posibleak zehaztu gabe daude, baina honakoak dira aukerak: enplegua eta prestakuntza, ETEentzako laguntza, ekintzailetza, inbertsioak, enpresen erakartzea, turismoaren sustapena eta landa garapena, besteak beste. Hala, gaur egun Lanbide Ekimenak eta Bermeoaldeko Behargintzak egiten dituzten jarduerak bultzatuko lituzke agentzia berriak, baita gaur egun landu ezin diren bestelako ekimenak ere.

303 milioi euroko aurrekontu totala bideratuko da plan estrategikora

Behin agentziaren eginbeharrak zehaztuta, gainerako proiektuen gaineko azalpenak bildu dira Busturialdea-Urdaibairako plan estrategikoan. Ardatz garrantzitsuetako bat da eskualdeko ehun produktiboaren indartzea eta kalitatezko enplegua sortzea. Ildo horren bitartez, lortu nahi da enpresen lehiakortasuna sustatzea, industria jarduera berriak erakartzea eta gazteentzako zein langileentzako prestakuntza aukera eguneratuak eskaintzea.

Horretarako, hainbat neurri hartuko dira. Lehenik eta behin, Lanbide Heziketa indartzeko 3,4 miloi euroko inbertsioa egingo da, zehazki, Barrutialde eta Nautika Eskolan ekipamendu eta espazio berriak eguneratzeko. Horrekin batera, Muxikan 50 hektareako azalera hartuko duen industria-poligono berria sortuko da, 14 milioi euroko aurrekontuarekin.

204460472 202505061917185980035 26783
Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoaren Eskualdeko II. Partaidetza Foroa | Argazkia: BFA

Beste azpiegitura garrantzitsu bat INAMArena zen lurzatian egingo da: 3,8 milioi eurorekin, Sprilurren jabetzako 60.000 metro karratuko eremuan instalazio berriak ezarriko dira. Horrez gain, eduki teknologiko handiko industria inbertsioak bultzatuko dira 2,5 milioi eurorekin, energia metatzeko teknologia aurreratuan oinarritutako proiektu baten bidez.

Lanbide Heziketa indartzeko 3,4 miloi euroko inbertsioa egingo da

Sektore horri dagokionez iragarri den beste proiektuak Bermeoko Portuaren eraldaketarekin du zerikusia. Izan ere, 2,5 milioi euro erabiliko dira portuko azpiegiturak modernizatzeko: arranpa-karroak egokituko dira, Artza kaian kirol-ontzietako amarraleku berriak jarriko dira, merkataritza-portuan pabiloi berria eraikiko da, Frantxuko espazioak askatu eta erabilera berrietara egokituko dira, eta izotz-fabrika berria ere sortuko da. Aldi berean, ondare materiala eta ez-materiala berreskuratuko da ekonomia urdinarekin lotutako jarduera ekonomiko berriak bultzatzeko, eta arreta berezia jarriko da atunarekin lotutako jardueretan.

Kolektibo zaurgarrietan fokua

Eskualdeko industria indartzeaz gain, plan estrategikoak helburu du desberdintasunak murriztea eta biztanleen arteko kohesioa bultzatzea. Hori lortzeko, aurreikusten da etxebizitzaren eskuragarritasuna erraztea eta kolektibo kalteberei laguntza ematea.

2,5 milioi euro erabiliko dira Bermeoko portuko azpiegiturak modernizatzeko

Hain zuzen ere, neurrien artean dago kolektibo zaurgarriei laguntzea eta tokiko enplegua sustatzea (3,1 milioi euro). Horri lotuta, gazteei aukera berriak zabaltzeko asmoz, Rehaviva ekimena abiatuko da: eraikuntza  publiko bat birgaituko da kalteberatasun egoeran dauden gazteen eskutik, beraiek trebatzeko eta gaitasunak eskuratzeko tresna gisa erabilita. Rehaviva proiektuaz gain, 45 urtetik gorako langabeei zuzendutako tokiko enplegu plana ere sortuko da.

Etxebizitzari dagokionez, etxebizitza publikoaren sustapenerako milioi bat euroko inbertsioa egingo da: Errigoitin hamabost etxebizitza publiko berri eraikitzeko proiektua abiaraziko da.

bermeo
Bermeoko portua | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Garaioaren jasangarritasuna eta ondarea

Beste eremu batzuetan ere aurreikusten dira inbertsioak eta proiektuak. Mugikortasunari dagokionez, trafikoaren segurtasuna indartu eta garraio jasangarria sustatuko da. Horretarako, Muxika-Bermeo bidegorria (23,8 milioi euro) eta Autzagane-Muxika errepidea (11 milioi euro) landuko dira, beste hainbat berrikuntzekin batera.

Bestalde, ondare kultural, historiko zein naturalari balioa emateko 6,4 milioi euro bideratuko dira hainbat proiektutara: Kalare euskal emigrazioaren zentro berria sortzea, Santimamiñeko interpretazio gunea 3D teknologiekin berritzea edo Gernikako Merkatu Plaza birgaitzea dira horietako batzuk.

Azpiegiturak eta Urdaibaien babesa

Trakzio-proiektuez gain, arestian aipatutako proiektu gehigarriak ere barne hartzen ditu plan estrategikoak. Epe zehatzik ez duten arren, eskualdearen beharrei erantzutea eta eguneroko bizi-kalitatea izango dute helburu, eta aurrekontu arruntetatik finantzatuko dira.

Muxika-Bermeo bidegorria (23,8 milioi euro) eta Autzagane-Muxika errepidea (11 milioi euro) landuko dira, beste hainbat berrikuntzekin batera

Proiektu horien artean daude, besteak beste, trenbidearen indartzea, Sollubeko komunikazio-azpiegiturak hobetzea, ur-hornidurarako soluzioak garatzea, saneamendu-sarea berritzea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren ingurumenaren leheneratzea.

Ekimen horiek guztiek izaera osagarria dute, eta trakzio-proiektuekin batera, Busturialdea-Urdaibairen garapen integrala sendotzea dute xede.

1063352547 202502271857259530755 26632
Busturialdea Urdaibaiko Plan Estrategikoaren talde eragilea | Argazkia: BFA