
Bizkaiko Foru Aldundiak galdetegia ireki berri du herritarrek parte har dezaten Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoan. Epea irekita egongo da otsailaren 19ra bitartean.
Galdetegiaren bidez aldundiak ekarpenak jaso nahi ditu, bai eskualdean bertan bizi direnenak, baita eskualdearekin lotura dutenenak ere. Pertsona horiek ondorengo galdera erantzun behar dute: “zein proiektu edo ekimen proposatzen dituzu eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko?”
Erantzunen bidez proposamenak jasoko dira, eta garatzen saiatuko dira pertsonen lehiakortasun ekonomikoa eta bizi-kalitatea hobetzeko baliagarriak diren proiektuak. Lehendik, erakundeek jada identifikatu dituzte eskualdeko erronkei aurre egiteko “trakzio-gaitasun potentziala duten ideiak”, baina prozesua aberastu nahi dute herritarren iritziak jasota. Galdetegia Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean aurki daiteke.