• EKONOMIA
  • Caribay Bolívar: 29 urte eta bi kafetegi

Caribay Bolívar: 29 urte eta bi kafetegi

29 urte besterik ez baditu ere, ibilbide profesional sendoa eraiki du Bolívarrek, eta jada bi kafetegi sortu ditu

Caribay Bolívar | Argazkia: utzitakoa
Caribay Bolívar | Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko ekainaren 12a - 05:30

Caribay Bolívar venezuelarra gastronomiaren sektorean nabarmendu den ekintzaile gazteetako bat da. 29 urterekin, Roke Coffee eta Caraï Slow Bakery kafetegien sortzaile eta arduraduna da, eta gozogintzan eraikitako prestakuntza teknikoa eta sormena uztartzen ditu enpresa-kudeaketarekin bere bi proiektuetan. 

 

Bi kontzeptu, erronka bera

Roke Coffee eta Caraï Slow Bakery nortasun desberdineko bi proiektu dira: lehenak espezialitateko kafean eta gosari osasungarrietan jartzen du arreta, eta bigarrenak gozogintza landuan eta kalitatezko postreetan. Hala ere, biek helburu bera dute: bezeroari esperientzia berezia eskaintzea.

"Inork ez du espero 29 urterekin bi kafetegi kudeatzeko behar den ezagutza izatea"

Bi kafetegiak gidatzea erronka handia da Bolívarrentzat, bereziki adinagatik. “Jendeak ikusten zaitu eta askotan pentsatzen du gazteegia zarela horrelako ardurak hartzeko. Inork ez du espero 29 urterekin bi kafetegi kudeatzeko behar den ezagutza izatea”, dio. Senarra eta bazkidearekin batera banatzen ditu ardurak, eta talde-lanari esker bi proiektuak arrakastaz garatu dituzte. Horrez gain, etengabeko ikaskuntza ezinbestekotzat du: “Ezin dut guardia jaitsi. Guardia jaitsiko banu, seguruenik ez nuke sari hau irabaziko”.

 

Basque Culinary Centerren aitortza

Basque Culinary Centerrek urtero argitaratzen duen 100 talentu gastronomiko gazteen zerrendak aitortu egiten ditu gastronomiaren etorkizuna markatzen ari diren profesional gazteak. Sukaldaritzatik harago, sektoreko profil berriak, ekintzaileak, ikertzaileak eta kudeatzaileak ere sartzen dira hautatuen artean.

Bolívarrentzat, zerrendan egotea ustekabeko albistea izan zen. “Sorpresa handia izan zen. Horrelako zerrendetan egotea gustatuko litzaizukeela pentsatzen duzu, baina oso urrun ikusten duzu. Askotan ez zara konturatzen denbora gutxian lortu duzun guztiaz”, gogoratu du.

"Benetan berezia izan da niretzat sektoreko profesional oso garrantzitsuak dauden zerrenda berean egotea”

BCCtik deitu eta hautatuen artean zegoela jakin zuenean, egindako lan guztiaren aitortza gisa hartu zuen albistea. “Une horretan konturatu nintzen egindako ahalegin guztiaz. Asko lan egin dut eta benetan berezia izan da niretzat sektoreko profesional oso garrantzitsuak dauden zerrenda berean egotea”, adierazi du. Gainera, Basque Culinary Centerrek bere ibilbidean izan duen garrantzia azpimarratu du: “Niretzat bigarren etxe bat bezalakoa da”.

Caraï Slow Bakery kafetegia | Argazkia: utzitakoa
Caraï Slow Bakery kafetegia | Argazkia: utzitakoa

Ikusgarritasuna eta balio erantsia

Bolívar ez dute gozogile gisa hautatu, profil ekintzaile eta enpresarial gisa baizik. Haren kasuan, aitortzak balioa ematen dio gaztetasunetik abiatuta eraikitako enpresa proiektu bati, eta ikusgarritasuna eskaintzen die Roke Coffee eta Caraï Slow Bakery kafetegiei.

Bolívarrek ere hori bera azpimarratu du, aitortza ez dela bere gozogintza lanagatik soilik iritsi, baizik eta epaimahaiak bere profil ekintzailea baloratu duela bereziki: gazte izanik bi negozio gastronomiko martxan jarri eta sendotzeko egindako lana, alegia.

“Emakumeok gizon batek izan ditzakeen ezagutza, indar eta gogo berberak ditugu”

Gainera, bi kafetegien proposamenak harrera oso ona izan duela azaldu du. Bereziki, gozogintza teknikoa, gosaria eta espezialitateko kafea espazio berean uztartzeak sortu duen interesa nabarmendu du. “Jendeari asko gustatzen zaio. Leku batera iritsi eta gosaldu dezakezu, postre bat hartu edo bi gauzak batera egin kafe oso on batekin. Horrek inpaktu handia izan du hirian”, berretsi du.

Emakumeen lidergoari bultzada

Bolívarren iritziz, Basque Culinary Centerren zerrendak emakume ekintzaileen eta zuzendarien ikusgarritasuna indartzen laguntzen du ostalaritzaren sektorean. Hala ere, uste du horrelako ekimenek jarraitutasuna izan behar dutela, eta ez direla une puntual batera mugatu behar.

Ekintzailearen ustez, erreferente berriak ikusaraztea funtsezkoa da emakume gehiagok zuzendaritza eta ekintzailetza bideak aukera erreal gisa ikus ditzaten. Horregatik, aitortza horiek emakumeen lidergoa normalizatzeko tresna garrantzitsuak direla defendatu du. “Emakumeok gizon batek izan ditzakeen ezagutza, indar eta gogo berberak ditugu”, aldarrikatu du. Horregatik, aitortza jaso duten emakumeek beste emakume batzuk inspiratzeko eta animatzeko ardura ere badutela uste du. Bere esanetan, horretarako ingurune egokia izatea funtsezkoa da: “Zugan sinesten duten, maite zaituzten eta aurrera egitera animatzen zaituzten pertsonez inguratzea oso garrantzitsua da”.

“Norberaren prestakuntzan sinetsi eta proiektuari ekiteko ausardia izan behar da”

Gazteei mezua: ausardia eta iraunkortasuna

Bere ibilbideari begiratuta, venezuelar gazteak argi dauka gazte askok dituzten beldurrak naturalak direla, baina ez dituztela horren ondorioz erabakiak baldintzatu behar. Proiektu bat martxan jarri nahi duen orori aholku bera emango lioke: bere gaitasunetan sinestea eta lehen pausoa ematera ausartzea.

“Norberaren prestakuntzan sinetsi eta proiektuari ekiteko ausardia izan behar da”, azpimarratu du. Haren ustez, arrakastaren gakoak ez dira aparteko talentuan soilik oinarritzen, eguneroko lanean baizik, etengabeko ikaskuntzan eta iraunkortasunean. Horregatik, gazteei gogorarazten die bidea ez dela erraza izango, baina ahaleginarekin eta laguntza sare sendo batekin helburuak lor daitezkeela.

Basque Culinary Centerren aitortzak bere ibilbidea indartu du, baina Bolívarrentzat sariaren baliorik handiena beste bat da: gazteek eta, bereziki, emakumeek, ekintzailetza aukera erreal gisa ikustea. Bere ustez, prestakuntza, lana eta iraunkortasuna uztartuta, adina ez da inoiz oztopo izan behar proiektu propio bat martxan jartzeko.

Argazkia: utzitakoa
Argazkia: utzitakoa