Bizkaiko enpresen %62k dio fakturazioa aurreikusitakoa izaten ari dela, nahiz eta Ebitda espero baino okerragoa izaten ari dela esan duten konpainien %28k. Datu horiek eta askoz gehiago eskuratu ditu Cebekek, apirilean 394 enpresari eginiko inkestari esker. Emaitzak gaur aurkeztu ditu patronalak, 2026ko Batzar Nagusia aprobetxatuz.
Enpleguari dagokionez, gehiengoa (%91) plantilla berdin mantentzen edo are, handitzen ari da. Inbertsioak ere espero bezala egiten ari dira hamar enpresetatik zazpi. Hala ere, erronka eta kezkak azaldu dituzte Bizkaiko konpainiek, batik bat, lan-kostuei, talentu kualifikatua lortzeko zailtasunei eta absentismoari loturikoak. Era berean, testuinguru geopolitikoak ziurgabetasuna sortu du jada inkestatutako enpresen ia erdian, eta %44k adierazi du jada eragin negatiboa izaten ari dela kostuetan, bai energian, bai garraioan, bai logistikan, baita lehengaietan ere. Hori gutxi balitz, urte hasieran baino ezkorragoak dira 2026. urteari dagokionez: urtarrilean %60k esan zuen urte ona izango dela, eta apirilean hori pentsatzen dutenak %40 izan dira.
Cebekeko kideek azpimarratu dute enpresak “erresilientziaz” jokatzen ari direla aurre egin behar dieten egoeren aurrean, baina oraindik ere “maniobrak egiteko aukera gehiago behar dituztela” azpimarratu dute: “Arrazoizko kostuak, erregulazio-egonkortasuna, presio fiskal txikiagoa, sinplifikazio administratiboa eta Bizkaiko ekoizpen-sarearen lehiakortasuna indartuko duten politikak” exijitu dituzte.