
CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak eta Sakanako Garapen Agentziak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, helburu izanik Sakana inguruan ekintzailetza sustatzea. Akordioari esker CEINen ekosistemako ekintzaileek aukera izango dute Dinabideren azpiegiturak erabiltzeko, Dinabide arduratzen baita espazioak koordinatzeaz; teknologia aurreratuak erabiltzekoa parada ere izango dute.
Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du. Azpiegiturak eta teknologia aurreratua eskura jartzeaz gain, teknologia aurreratu horiei buruzko prestakuntza programak antolatuko dituzte elkarlanean, baita manufaktura aurreratuaren zein ekonomia zirkularraren gaineko I+G+b-ko lankidetza-proiektuak ere. Horrez gain, azaldu dute Nafarroako sektore “estrategikoetarako” enpresa proiektu berritzaileak sortzea sustatuko dutela.
Delia Sola Nafarroako Gobernuko S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuko Zuzendariak, Uxue Itoiz CEINeko zuzendari kudeatzaileak eta Aitor Larraza Sakana Garapen Agentziako presidenteak sinatu dute hitzarmena, Dinabideren instalazioetan. Larrazak adierazi du “ekintzailetza teknologikoa babestuko” dela Sakanan akordioaren bitartez, eta, horregatik, “gakotzat” jo du Sakanako industria “biziberritzeko”. "Dinabide erreferentziazko hub teknologiko bihurtu da Nafarroan”, gaineratu du Itoizek.