Noaingo (Nafarroa) CEIN Startup Dayren bosgarren edizioa inauguratu da gaur, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordearen eskutik. Enpresa sortu berriak, inbertitzaileak eta korporazio handiak bildu dira, 500 lagun baino gehiago, eta Errioxa, Kantabria, Valentzia, Aragoi eta Kataluniako ordezkariek ere parte hartu dute. Ekitaldi hasieran Ollok nabarmendu du finantzaketa “funtsezkoa” dela berrikuntza-proiektuetan.
Jardunaldian, osasun, teknologia digital eta nekazaritza jasangarriko 52 proiektuk euren proposamenak aurkeztu dituzte eta aurrez aurreko 100 bilera antolatu dira start-up eta inbertitzaileen artean. Era berean, Retech programaren barruan kokatutako Tech FabLab sare digitala aurkeztu da, 42 milioi euroko aurrekontuarekin eta sei erkidegoen partaidetzarekin.
Ekitaldiak hainbat sari ere eskaini ditu: Top101 Spain Up Nation programan nabarmendu diren bost start-upak aitortu dituzte, eta Ruta 31 egitasmoko bi proiektuk 1.500 euroko sariak jaso dituzte. Horiez gain, Nucaps Nanotechnologyk enplegu-sorkuntzagatik jaso du aitorpena, eta Madergiak bere ibilbideagatik.