• EKONOMIA
  • Confebaskek etorkizunerako neurriak eskatu ditu eta euskaraz negoziatzeko prest agertu da

Confebaskek etorkizunerako neurriak eskatu ditu eta euskaraz negoziatzeko prest agertu da

Patronalak ohartarazi du ekonomiak hazten jarraitzen duen arren, industriaren geldialdiari, absentismoari eta talentua erakartzeko zailtasunei erantzuna emateko neurriak beharrezkoak direla

Argazkia: Confebask
Argazkia: Confebask
2026ko uztailaren 22a - 16:21

Confebaskek gizarte osoari "orain jarduteko" deia egin dio, egungo ongizatea etorkizunean bermatzeko. Bilbon egindako urteko Kontseilu Nagusiaren ostean, Tamara Yagüe presidenteak adierazi du ekonomiaren datuak onak diren arren, egoeraren balantzeak "argi-ilunak" dituela, eta horregatik lehiakortasuna indartzeko herrialde mailako itun baten alde agertu da. Haren hitzetan, "gaur egungo datu ekonomiko onek ez digute bermatzen ez biharko, ez etziko ongizatea".

 

Patronalaren aurreikuspenen arabera, Hego Euskal Herriko ekonomiak %1,9 inguruko hazkundea izango du aurten, eta enplegu gehiago sortuko da, baina erritmo motelagoan. Yagüek azaldu du industriak dituela zailtasun handienak, geldialdi argian dagoela eta Alemaniaren eta Frantziaren ahuleziak, Txinaren lehia, muga-zergak, energiaren kostu handiak eta ziurgabetasun geopolitikoak ekonomiari oro har eragiten diotela.

Egoera horren aurrean, Confebaskek uste du lehiakortasuna ezin dela enpresen helburu hutsa izan, baizik eta ezinbesteko baldintza dela kalitatezko enplegua, zerbitzu publikoak eta ongizatea mantentzeko. Horregatik, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako industria-eraldaketetan izandako adostasunaren antzeko erantzun bateratua eskatu du, nazioarteko aldaketa teknologiko, energetiko eta demografikoei aurre egiteko.

 

Bestalde, patronalak absentismoa ekiditeko eta talentua erakartzeko zailtasunak ere kezka nagusitzat jo ditu. Yagüeren esanetan, absentismoari buruzko eztabaida administrazioen, enpresen eta sindikatuen artean egin behar da, errudunak bilatu beharrean irtenbide partekatuak aurkitzeko. Era berean, aldi baterako ezintasunagatiko osagarrien inguruko akordioak egungo egoerara egokitzea defendatu du, langileen babesa murriztu gabe. Horrez gain, gogorarazi du enpresen %91k zailtasunak dituztela langileak kontratatzeko, eta talentua erakarri eta fidelizatzeko herrialde estrategia bat eskatu du. Azkenik, fiskalitatearen bidez hazkunde ekonomikoa sustatzearen, inbertsioak erakartzearen eta lankidetza publiko-pribatua indartzearen alde egin du.

Euskara negoziazio mahaietan

ELAk eta LABek negoziazio kolektiboak euskaraz egiteko proposamenari buruz galdetu diotenean, Tamara Yagüek adierazi du Confebaskek ez duela arazorik euskaraz negoziatzeko, baldin eta mahaikide guztiek ulertzeko behar diren baliabideak (itzultzaileak, kasu) bermatzen badira. Haren esanetan, euskara erabiltzea ez da oztopo akordioak lortzeko, eta gogorarazi du Lanbide, Osalan edo EGAB bezalako erakundeetan dagoeneko euskaraz aritzen direla. Aldi berean, nabarmendu du benetako zailtasunak bestelakoak direla, besteak beste negoziazio mahaiak osatzea eta hitzarmenak ixteko behar den denbora, gaur egun batez beste bi urtekoa baita.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain