
Enpresa-kredituak gorakada nabarmena izan du 2025eko lehen bost hilabeteetan. Enpresen finantzaketari buruzko Confebasken azken buletinaren arabera, epe horretan enpresei emandako kreditu berriaren bolumena 426.052 milioi eurokoa da Espainiako Estatuan; 2012tik izan den mailarik altuena da hori. Iaz, esaterako 402.047 milioi eurokoa izan zen. Hazkunde horrek mesede egin die enpresa txiki eta ertainei zein konpainia handiei.
Aldi berean, enpresen kredituen berankortasun-indizeak beherantz egiten jarraitu du. Hain zuzen, urteko lehen hiruhilekoan, bolumena %2,1 jaitsi da (aurreko hiruhilekoaren aldean); laugarren hiruhilekoz jarraian jaitsi da indizea. Urte arteko datuei dagokienez, murrizketa %7,9koa izan da, eta, hala, berankortasun tasa %3,7an kokatu da, hau da, 2008tik izan duen mailarik baxuenean.
Finantza-testuingurua ere aldekoa da kredituaren kostuari dagokionez. Espainiako enpresa txiki eta ertainek %3,34ko interesa ordaintzen dute gaur egun, Europako batez bestekoaren azpitik; enpresa handiek, berriz, antzeko interesa dute, %3,36koa. Horrez gain, Euriborra %2,08ra jaitsi da ekainean, 2022ko abuztutik izan duen punturik baxuenera, hain zuzen ere.
Bestalde, buletinean nabarmendu nahi izan da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta 570.000 euroko Lortu programaren 2025eko deialdiaren irekiera. Plan horrek kanpoko laguntza profesionala eskaintzen die industria enpresei, baita sektoreari lotutako zerbitzu enpresei ere, haien finantza-osasuna hobetzeko eta haien jarraitutasuna zein lehiakortasuna bermatzeko. Deialdia urriaren 30era arte egongo da zabalik.
Gainera, buletinean jakinarazi da Espainiako Burtsa eta Merkatuek BME Easy Access merkaturatu dutela. Modalitate berri horrek aukera ematen die enpresei burtsara irteteko akzio-banaketaren gutxieneko bat bete beharrik gabe, eta, hala, merkatu arautuan sartzea errazten da.