• EKONOMIA
  • Ekonomiaren erronkei aurre egiteko herrialde-ituna eskatu dute EAEko zenbait eragile sozioekonomikok

Ekonomiaren erronkei aurre egiteko herrialde-ituna eskatu dute EAEko zenbait eragile sozioekonomikok

"Lan-prekaritatea kontuan hartzen ez duen herri itun bat proposatu dute", adierazi du ELA sindikatuak

Tamara Yagüe Confebaskeko presidentea | Argazkia: Confebask
Tamara Yagüe Confebaskeko presidentea | Argazkia: Confebask
2026ko azaroaren 2a - 11:38
Eg. 2026ko azaroaren 2a - 16:51

EAEko zenbait erakunde sozioekonomikok adierazpen bateratu bat sinatu dute, herrialde-itun bat eskatzeko zeinak EAEren lehiakortasuna eta etorkizuneko ongizatea eraldatuko dituen. Helburua erakundeak, alderdi politikoak, enpresak, sindikatuak eta pertsonak mobilizatzea da, etengabe aldatzen ari den agertoki globalaren aurrean. Confebaskek, Euskal Enpresarien Zirkuluak (CEV), Makina Erreminta Ekoizleen Elkarteak (AFM), Asle enpresarien elkarteak eta Elkargik sinatu dute dokumentua.

 

Sinatzaileek ohartarazi dutenez, EAEk historikoki posizio sozioekonomiko sendoa eta enplegu maila altua izan dituen arren, erronka asko ere baditu. Horien artean nabarmendu dituzte produktibitatearen moteltzea (batik bat AEB edo Txinaren gisako potentzien aldean), adimen artifizialaren eragina eta trantsizio energetikoa, besteak beste.

Era berean, faktore demografiko eta estruktural propioez ere ohartarazi dute: biztanleriaren zahartzea, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, talentua atxikitzeko arazoak, belaunaldi-erreleboa zein absentismoaren tasa altuak.

 

Kontu horiek guztiak direla medio, gaur iragarri duten adierazpenak “lankidetza-espiritua berreskuratzea” proposatzen du, “laurogeiko hamarkadan izan zen industriaren birmoldaketan bezala”. Akordioaren helburua “ziklo politikoak gainditzea” eta fiskalitatearen, lan-kostuen, berrikuntzaren zein prestakuntzaren alorretan “lehentasunak bateratzea” da, hurrengo belaunaldientzat etorkizun oparoa ziurtatzeko.

ELA sindikatuaren kritika

"Lan-prekaritatea kontuan hartzen ez duen herri itun bat proposatu dute", adierazi du ELA sindikatuak. Sindikatuaren aburuz, dokumentuak xede du enpresen errentagarritasuna bermatzea, eta "eskubide sozialen ikuspegi merkantilista" lehenesten du. Izan ere, enpresen mozkinak handitzen ari diren arren, soldatek ekonomian duten pisua jaisten ari da. Hego Euskal Herrian, enpresen mozkin-marjina %7,5etik %13,2ra igo zen 2015etik 2024ra bitartean, eta soldatek BPGan zuten pisua, berriz, %49,2tik %47,5era jaitsi zen. 

Halaber, itunak zerbitzu publikoen eta zaintza-sistemaren garrantzia baztertzen duela kritikatu du ELAk, baita gaur egungo soldata baxuak, lan-prekaritatea eta lan-osasunaren gabeziak ere. Sindikatuak uste du hezkuntza, etxebizitza eta zaintza enpresen beharren mende jartzen dituela dokumentuak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain