• EKONOMIA
  • EAEko gutxieneko soldata propioari ezetz, berriro ere

EAEko gutxieneko soldata propioari ezetz, berriro ere

Sindikatuek esan dute patronalak langileen bizi baldintzak hobetzearen aurka egin duela; Confebaskek, kontrara, baieztatu du enpresak soldatak igotzeko ahaleginak egiten dituztela

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko urriaren 22a - 14:16

Atzo Eusko Jaurlaritzak ezezkoa eman zion gutxieneko soldata propioaren aldeko Herri Ekimen Legegileari (HEL). 138.495 sinaduren babesa zuen ekimenak, baina Jaurlaritzak azaldu zuen eskumena Espainiako Estatuari zegokiola eta, hortaz, arrazoi juridikoetan oinarritu zen proposamena baztertzeko. Bide batez, Torres sailburuak patronalari eta sindikatuei elkarrekin lan egiteko eskatu zien, adostasunera irits zitezen.

 

Hain zuzen ere, gaur ziren biltzekoak Confebask eta sindikatuak, Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) Bilboko egoitzan, urtean hirugarren aldiz gutxieneko soldata propioa eztabaidatzeko. Baina, espero moduan, ordubeteko bilera ostean ez da inongo akordiorik lortu.

Sindikatuen irakurketa

“Eusko Jaurlaritzak eta patronalak, biek ala biek, gutxieneko soldata propioaren bidea blokeatzeko hautua egin dute”, adierazi dute sindikatuek. “Premiazkoa den blokeo egoera batean", mugitzea beharrezkotzat jo dute sindikatuek, baina argi dute patronalak berriz ere ezezkoa eman diola “langilearen lan eta bizi baldintzak hobetzeari”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Confebask “benetan interpelatzeko” eta “presionatzeko” gutxieneko soldata propioa negozia dezan.

 

Hala, mobilizazioekin aurrera egingo dutela jakinarazi dute sindikatuek, eta gaineratu dute beraien esku dauden tresna guztiak erabiliko dituztela horretarako.

Confebasken erantzuna

“Azken proposamenaz geroztik ez da ezer aldatu, eta, beraz, Confebaski ezin zaio eskatu legez zilegi ez zaiona negoziatzea”, esan du Confebaskek bilera osteko prentsa oharrean. Gainera, patronalak adierazi du sindikatuen eskaera enpresen lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren aurkako neurria dela, eta berriro gogorarazi du beste kontu batzuk ere kontuan hartu behar direla: “Euskal enpresak bereziki kezkatuta daude, besteak beste, lan absentismoagatik, lan kostuen gorakadagatik eta enpresen zein eskualdeen lehiakortasuna indartzeko beharragatik”.

Bide batez, Confebaskek sindikatuei leporatu die “soilik beraiek nahi duten gaiez” eta “inongo malgutasunik gabe” eztabaidatzera deitu izana; “Gaiak lantzeko prest gaude, baina horretarako Elkarrizketa Sozialerako Mahaia dago, eta bertan gaude jada ordezkaritza handiena duten enpresaburuen elkarteak, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza bera”.

Halaber, beste datu batzuk ere nabarmendu ditu patronalak: gutxieneko soldata %67 handitu da 2018 urteaz geroztik, urteko 6.700 euro gordin inguru, eta gizarte-kotizazioek %23 egin dute gora 2022az geroztik. Horrez gain, berretsi du enpresak “ahalegina egiten ari direla” soldatak Espainiako Estatukoen eta KPIaren gainetik igotzeko, eta gogorarazi dute “soldata altuenak eta lanaldi murritzenak" dituela EAEk.