Bizkaiko eskualde eta udalerri guztietako ekonomia sustatzeko helburuari eutsi nahi izan dio beste urtebetez Bizkaia Orekan Sakonduz sareak. Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen departamentuak, BEAZek eta 23 eragile eta garapen agentziek osatzen dute sare hori. Sare horrek eginiko lanik gabe ezin da ulertu eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko dirulaguntza programara bideraturiko aurrekontuak %41eko hazkundea eduki izana programa hori martxan jarri zenetik bost urtera: 1,6 milioi bideratu ditu aurten aldundiak horretara, lurralde osoko 675 enpresei laguntzea ahalbidetu diena. Programa eta sarearen garrantzia aletu ditu EnpresaBIDEArekin Cristina Mugica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusiak.
Eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programara 1,6 milioi euro bideratu ditu aurten Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaia Orekan Sakonduz abian jarri zenetik zifrarik altuena. Aurrekontuan aurreikusitakotik gora al dago zifra hori?
Hala da. Aurrekontuan 1.550.000 euroko esleipena egin genion dirulaguntza programari, eta azkenean 1.600.792,48 euro bideratu ditugu horretara, aurrekontuetan jasotakoa baino %1,6 gehiago, alegia. Hazkunde horri esker, jasotako eskaera guztiei erantzuna eman ahal izan diegu: 71 izan dira denera aurkeztutako eskaerak, aurreko urtean 56 izan ziren bitartean. Bada modu bat aitortzeko Bizkaia Orekan Sakonduz sarearen parte diren 23 entitateen lana.
Orduan, aurkeztu diren eskaera guztiek jaso dute nolabaiteko dirulaguntza?
Hori da. Ikusi genuen hazkunde nabaria izan zela eskarietan, eta eginiko esfortzua aintzat hartuta, erabaki genuen diru kopurua handitzea nolabait den-denak lagundu ahal izateko.
2020an argitaratu genuen lehen aldiz garapen agentziek norbere eskualdean lehiakortasuna bultzatzeko halako programa. Orduan zifra 900.000 euro baino zebait gehiagokoa zen. Geroztik, milioi bat euroren bueltakoa izan da urtero. Aurten egindako apustuarekin, ordea, 2020tik 2025era bitarte %41eko hazkundea izan da. Esango nuke igoera nabaria dela.
Ekarpena handitzeko erabakia hartu duzue, baina aldi berean are iniziatiba gehiago aurkeztu dira. Zergatik uste duzue gertatu dela hori?
Helburu argi eta partekatua dugu eskualde garapeneko estrategia eta Bizkaia Oreka Sakonduz sarea martxan jarri genuenetik: enpresa txikien jarduera ekonomikoa eta lehiakortasuna bultzatzea tokikotasunetik eta eskualdetasunetik, hala Bizkaiaren oreka bilatzeko lurralde gisa. Hasiera-hasieratik bilatu dugu hori, eta garapen agentziak ere geroz eta gaitasun gehiago eskuratzen joan dira. Hori ere babestu dugu programatik: agentziak berak indartzea. Hala enpresetara geroz eta irismen handiagoa dute, ikusgarritasun eta errekonozimendu handiagoa. Horrekin ere, euren jarduera, nolabait, hazi egiten da. Eta finantza-tresna hazten ari da sareko agentziak gero eta indartsuagoak diren heinean, enpresetara iristeko gaitasun handiagoa dutelako, eta ikusgarritasun eta aintzatespen handiagoa. Azken batean, horri esker aktiboagoak dira eta erreakzionatzeko eta enpresei laguntzeko gaitasun handiagoa dute
"Finantza-tresna hazten ari da sareko agentziak gero eta indartsuagoak diren heinean, enpresetara iristeko gaitasun handiagoa dutelako, eta ikusgarritasun eta aintzatespen handiagoa"
71 lerroetatik 46k zerikusia dute palanka estrategikoekin, alegia: jasangarritasunarekin, trantsizio digitalarekin, eta merkatu eta bezero berrietara zabaltza. 1.172.056 euro bideratu dira denera horietara. Jasangarritasun eta trantsizio berdeari loturiko zein iniziatibari buruz ari gara?
Bizkaiko ETEei trantsizio berdean laguntzeaz ari garenean, dagoeneko hautazkoa ez den zerbaiti buruz ari gara. Egiten duguna da agentzien bitartez enpresak lagundu trantsizio horretan pausoak eman ditzaten. 2025eko pogramaren edizioko iniziatibetan landu diren gaiek zerikusia dute, adibidez, taxonomia berdearekin eta energia aurrezteko ziurtagiriekin. Bizkaia Orekan Sakonduz sareko agentziak horretan ari dira laguntzen enpresei: informatzen, gidatzen eta laguntzen ETEek jasangarritasuna abantaila eta aukera batean bihur dezaten. Ezagutzaren, neurrien eta abarren aplikazioaren bitartez, ETEek lortzen dute hobekuntza edo kosteak txikitzea, finantzazioa eskuragarriagoa izatea. Horrekin lehiakortasuna areagotu egiten da, eta erraztasun handiagoak dituzte Europako balio-kateetan mantentzeko. Egungo testuinguruan, zeinetan Europak zorroztu egingo dituen jasangarritasun-betebeharrak, prest ez dagoenak posizionamendua galdu dezake, edo merkatutik kanpo geratu. Eta guk ez dugu nahi Bizkaiko ETEak atzean gera daitezen informazio edo babes faltagatik.
Zenbat agentzia edo iniziatiba aurkeztu dira horri loturik?
Denera 13 agentzia ari dira Enpresa Berdearekin —halaxe du izena iniziatibak— lanean. Horren baitan, aukeretako bat da enpresek bonu berdeak deritzonak erabiltzea. 5.000 euro bitarteko bonuak dira, enpresek erabili ditzaketenak adituen laguntzarekin euren trantsizio energetikoko estrategia egokitzeko mikroproiektuak garatzeko. Adibidez, efizientzia energetikoa lantzeko, ingurumen aztarna txikitzeko edota hondakinen kudeaketa eta gutxitzeko erabili daitezke. Eta beti oso aplikazio praktikoaren ikuspegitik.
Abenduaren 16an, programa horren baitan proiektuak garatzen ari diren edo horietako batean parte hartu duten eta aipatutako esparruetan aurrera egin duten 40 enpresari aitortza egingo diegu garapen agentziek Aclimarekin batera antolatutako ekitaldi batean. Bizkaiko askotariko eskualde eta herrietan kokaturiko enpresez ari gara.
Bigarren palanka trantsizio digitalarena da. Zein motatako egitasmoak aurkeztu dira horretan?
Trantsizio digitalak eta berdeak bide nahiko beretsua jarraitu dute, bai bi palanka horiei loturiko egitasmoak aurkezten dituzten agentziei, bai proiektuei esleitutako dirulaguntzei dagokienez. Kasu honetan 12 enpresa ari dira trantsizio digitalari loturiko ekimenak bultzatzen. Programak, kasu honetan, Suspertze Digitala izena du. Metodologia partekatu bat du enpresei laguntzeko trantsizio horretan, eta Gaia klusterrarekin lankidetza egiten dugu. Agentziek laguntza pertsonalizatua eskaintzen diete enpresa industrialei zein industriarekin lotura duten zerbitzuak eskaintzen dituztenei. Diagnostiko eta plan pertsonalizatuak eskaintzen dizkiete, enpresa bakoitzaren beharretara eta errealitatera egokiturikoak. Informazio praktikoa, hornitzaile teknologikoekin lotura, doako aholkularitza, erreferente izan daitezkeen enpresetara bisitak... eskaintzen dituzte.
Eta mikroproiektu teknologikoen garapenean ere babesa eskaintzen da. Adibidez, hainbat eskualdetan lantzen ari dira smart factory edo lantegi adimenduna, ekoiztea, prozesuak kontrolatzea edota errekurtsoak optimizatzea edo pasaporte digitala lantzea ahalbidetzen duena. Tresna horiek guztiak enpresa txikienetara irits daitezke agentzien bitartez. Helburua da enpresek egitasmo inspiratzaileak ikustea eurak ere egitasmo-ideiak izan ditzaten.
"Bizkaiko ETEei trantsizio berdean laguntzeaz ari garenean, dagoeneko hautazkoa ez den zerbaiti buruz ari gara"
Hirugarren lerroa da merkatu eta bezero berrietara zabaltzea. Horretan aurkeztu diren iniziatibek zerikusi handiagoa dute enpresek dagoeneko garatu duten teknologia bat bestelako produktuetara aplikatzearekin, edo geografikoki zabaltzearekin?
Programa bideratuta dago bezero-zorroa zabaltzera. Horretan Bizkaia Orekan Sakonduz sareko garapen agentziek lagundu egiten diete enpresei tokian-tokian zein nazioartean posizionamendua hobetu dezaten lan merkatuari dagokionez, baita marketin funtzioak eta kudeaketa komertziala optimizatzen ere.
Hainbat ETEek ez dute egitura jakinik edo departamentu komertzialik. Txikienek, gainera, normalean bezero gutxi batzuekiko dependentzia dute, eta presentzia aktibo oso mugatua merkatuetan.
Zenbat agentzia ari dira horretan lanean?
15 agentzia ari dira horretan lanean merkatu eta bezero berrietara zabaltzeko bideak bilatzen ari diren enpresekin. Zalbide izena du programak. Eta kasu horretan ere enpresa txiki eta ertainei laguntzen diete diagnostikoak egin ahal izateko, horiek abiapuntu bidelagun lanetan aritzeko arlo komertzialari dagokionez, eta tresna praktikoak eskaintzeko, bezeroen datu baseak egitetik hasita, hitzordu komertzialen kudeaketaraino. Oso oinarrizko lanez ari gara, baina enpresei laguntzen dietenak hobeto jarduten bezero zorroari dagokionez. Eta horretan zenbaitek Espainia mailako bezeroen identifikazioan jarri dute arreta, eta beste batzuek nazioarteko bezeroetan. Bada beste lerro bat marketin gaitasunak hobetzera bideratuta, bereziki marketin digitalekoak.
Palanka estrategikoez harago, ba al da beste lerroren bat indarra hartu duena aurten egitasmoak aurkezteari dagokionez?
Orain arte palanka estrategikoei loturiko egitasmoez aritu gara, baina bada beste lerro bat zerikusi handia duena agentziek egiten duten sustapen ekonomikoko rol hori babestearekin.
Denera 21 egitasmo lantzen ari dira agentziak ildo horretan, honako helburuekin: agentziaren plan estrategikoa garatzea; eskualdeko estrategia egitea jarduera ekonomikoaren sustapenerako, bereziki ehun industrialean fokua jarrita; gobernantza eredua definitu edo birdefinitzea, estrategia horretan finkatzen denari nola aurre egin ikusteko, eraginkortasunaren mesedetan; edota euren balio proposamena indartzera bideratutako azterketak gauzatzea.
"Etengabeko komunikazioa dago Bizkaiko Foru Aldundiaren, BEAZen eta garapen agentzia sarearen artean
Ezer berririk izan al da?
Deialdira aurkeztu diren egitasmo berriei buruz hitz egin behar badut, sektoreekin zerikusia duten egitasmoak aipatuko nituzke. Zehazki, bilatzen dutenak ezagutza hobetzea edo aukerak esploratzea eskualde jakin baten estrategikoak diren sektoreetan edota balio kateetan. Zenbaitetan plan estrategikoek ahalbidetzen dute identifikatzea zein sektore izan daitezkeen gako, eta gero proiektuak garatzen dira esparru horiei loturikoak, besteak beste, balio kateak indartzeko, proiektuak eta aukerak identifikatzeko... Eskualdeko hainbat eragile —enpresak, zentro teknologikoak, lanbide heziketa zentroak...— inplikatzea ahalbidetzen duten proiektuak ere izaten dira. Ikuspegi hori duten hiru proiektu nabarmendu ditzakegu aurtengo programan: ekonomia urdinari loturikoa, eraikuntza industrializatuarekin zerikusia duena eta energiari buruzkoa.
Eta aurreikusi ezin zitekeen egitasmo edo gairik?
Oso zaila da egoera hori ematea, zeinetan espero ez genituen egitasmoak aurkezten diren eskualde lehiakortasuna bultzatzeko programara. Bizkaia Orekan Sakonduz sare bat da. Sare garenez gero, elkarlanean egiten dugu lan. Etengabeko komunikazioa dago Bizkaiko Foru Aldundiaren, BEAZen eta garapen agentzia sarearen artean. Lankidetzazko gobernantza bat dago, konfiantzazko harremanen marko bat, eta baita lan-sistematika bat ezagutza eta tresna partekatuekin. Horri esker jakin badakigu zein behar identifikatzen ari diren agentziak euren eskualdetako enpresetan, zein erronkei egin nahi dieten aurre, eta horri erantzuteko erreminta bilakatzen da arestian aipaturiko tresna finantzario guztia.
Eta zertan datza sarean lan egiteko modu hori?
Sarea osatzen dugun eragile guztiek helburu partekatua dugu. Eta estrategia bat partekatzen dugu: eskualdeko sustapen ekonomikoari bultzada ematea industrian fokua jarrita, baita horri loturiko zerbitzuetan ere. Bizkaiko enpresa guztien lehiakortasuna bultzatu nahi dugu, dauden eskualde edo herritan daudela. Azkeneko helburua da, garapen ekonomikoaz gain, parekatu daitezkeen gizarte eta ongizate mailak izatea Bizkaiko eskualde guztietan. Eskualdeen arteko oreka bilatzen dugu, industriaren lehiakortasuna bultzatuta.
Hori aintzat hartuta, nola egiten dugun lan? Bizkaia Orekan Sakonduzen parte diren agentzia eta entitate bakoitzak erreferentziazko teknikari bat du BEAZen, kontsultak egiteko, beharrak identifikatzen ari denean babestuta sentitzeko, beharrei nola aurre egin forma emateko... Era berean, elkarlanerako espazioak ere baditugu. Lantzean behin lan-saioak egiten ditugu. Bertan esperientzia arrakastatsuak partekatzen ditugu, ezagutza kudeatzen dugu, gako izan daitezkeen eragile berriak ezagutzera ematen ditugu... Networking saioak bilakatzen dira.
"Bizkaiko enpresa guztien lehiakortasuna bultzatu nahi dugu, dauden eskualde edo herritan daudela. Azkeneko helburua da [...] parekatu daitezkeen gizarte eta ongizate mailak izatea Bizkaiko eskualde guztietan"
Bestalde, Aldunditik beti ateak zabalik ditugu. Proaktiboki hurbiltzen gara eskualdeetara eta ordezkari politikoengana, ezinbestekoa baita industria babestea gure arteko lankidetzaren bitartez, eta eurek tokiko eta eskualdeko esparrutik duten konpromisoarekin.
Zein da aurreikuspena 2026ra begira?
Lurralde lehiakortasunerako programari bultzada emateko programa, hasieran aipaturiko tresna finantzarioa, udaberrian aterako da ohi bezala, eta aurten esleitu diogun antzeko kantitate batekin. Baina esan bezala, Bizkaia Orekan Sakonduz eskualde lehiakortasuna sustatzeko dirulaguntza programa baino askoz gehiago da. Autokonplazentzian erortzeko asmorik gabe, Bizkaia Orekan Sakonduz izan den eta den horren balantze positiboa egiten dut, garapen agentziek duten gaitasunari dagokionez egitasmoak proposatzeko eta bultzatzeko, eta ahalik eta enpresa gehiengana heltzeko, bat bera ere ez dadin atzean geratu. Ez hori bakarrik; agentzien gaitasunen garapena nabaria izan da eta programatik bertatik egiturak indartzea bilatzen dugu. Are gehiago, agentzietako profesionalek eskualde eta udalerrietako enpresekin egiten duten lan horren barne gastuen %75ra bitarte finantzatzen ditu programak.
Agentziak geroz eta indartsuagoak dira, geroz eta egonkortasun handiagoa dute, ikusgarritasun gehiago eta aitortza nabariagoa euren eskualdeetan. Horrek bidea errazten du enpresa gehiago eurengana hurbildu daitezen euren lehiakortasuna hobetzeko.
Zein erronkari heldu behar diozue?
Noski, balantze positiboa egiten badugu ere, erronkak ere baditugu. Guk esan ohi dugu Bizkaia Orekan Sakonduz etengabeko eboluzioan dagoen sare bizia dela. Erronka horietako bat da geroz eta enpresa gehiagorengana iristea. Era berean, sareen sarea izatea nahi dugu Bizkaia Orekan Sakonduz. Agentziek ekosistemak sortzea gako da, lankidetzan aritu daitezen enpresekin ez ezik, lanbide heziketako zentroekin edota ikerketa zentroekin ere, kapital hori dena aprobetxatuta bultzada emateko industriari eta eskualde horietako zerbitzu aurreratuei. Azkenik, urtea amaitu aurretik, erronka eta hobekuntza esparruak identifikatzeko bilera egingo dugu sarea osatzen dugun guztiok.