• EKONOMIA
  • Daniel Olçomendy: "Emeki-emeki naturari eta laborantzari lotua den turismoa garatu nahi dugu"

Daniel Olçomendy: "Emeki-emeki naturari eta laborantzari lotua den turismoa garatu nahi dugu"

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeak eta Turismo Iraunkorreko arduradunak turismo estrategiaren berri eman dio EnpresaBIDEAri. Ipar Euskal Herriko kostaldetik barnealdera hedatu nahi dute lurraldeko turismoa

Daniel Olcomendy | Argazkia: Côté Sud Photo
Daniel Olcomendy | Argazkia: Côté Sud Photo
2025eko abuztuaren 22a - 05:30

Agorrila da, eta kale eta errepideetan nabari da: turismo sasoia da. Alta, Daniel Olçomendyk ez du bat egiten turismoa udan eta kostaldean bakarrik pilatzearekin; bere iritziz, urte eta lurralde osora zabaldu behar da. Euskal Hirigune Elkargoak hainbat urrats egin ditu jada turismo iraunkorrerantz, eta hemendik aurrera norabide hori indartzea da hautetsiaren erronka.

 

Uda bete-betean gaude. Sasoia bukatu ez den arren, Pirinio Atlantikoetako Turismo Agentziak Ipar Euskal Herrian ekainean 1.761.000 bisitari eta uztailean beste 2.693.000 bisitari izan direla jaso du.

Agentzia horrekin harremanean gara. Euskal Hirigune Elkargoak zati bat finantzatzen du, eta beraz, behatoki horretan parte hartzen du. Nik kezka bat dut: ezin dira emaitzak horrela begiratu, zientifikoki hartu eta analizatu behar dira. Iaz jadanik erran nuen, baina, ez dute kontuan hartu: ez du zentzurik uztaileko datuak hartzeak. Zerendako? Badakigu ikasleek-eta geroz eta berantago hartzen dituztela beren uztaileko oporrak; eta orduan, jendea geroz eta gutiago abian da uztailean oporretara. Uztaileko zenbakiak emateko hilaren hogei-eta-zerbaitean bukatu behar da kontaketa, erran nahi baita, hilabetea bukatu aitzin. Beraz, biziki fite uzten diote datuak biltzeari, zeren eta tratatu behar baitira.

 

Zenbakiek zentzua dute urte osokoak hartzen baldin badira. Hori da gure helburua: urte osoan banatzea gure turismoa, ez udan finkatzea. Orduan, uztaileko zenbakiek ez dute zentzurik. Iaz ber gauza gertatu zen, uztailean jende anitzek erran zuen: “Sasoia gaizki hasten da, emaitzak ez dira onak!”. Baina, zer gertatu zen urte bukaeran? Datuak analizatu ditugularik sekulako urtea izan dela ikusi dugu; baina, jende gutiago izan dadin udan, urte osoan hedatu da turismoa; biztanleentzat jasangarria izan dadin, udako tontor horiek gabe.

Jakina da kostaldean metatzen dela turismoa, baina, nolako eragina du barnealdean?

Gure helburua, turismo estrategiaren helburua – eta hori aho batez bozkatu dugu Euskal Hirigune Elkargoan – oreka bat lortzea da. Erran nahi baita, proposatzea eta antolatzea barnealdean ere turismo jasangarria eta iraunkorra; lurraldearekilan antolatua; aktore guziekilan, biztanleekin-eta, ez turismo arloko aktoreekin bakarrik.

Barnealdean turismoa izan dadin proposamenak egin behar dira, adibidez, mendian. Bi egunen buruan Xiberoan bizikletaz egiteko kasik hogei ibilaldi berri aurkeztuko ditugu, eta Euskal Hirigune Elkargoak ditu horiek antolatu, Xiberoko lurraldearekin. Honekin ikusten dugu proposamen gehiago egiten ditugula barnealdean, beti turismo iraunkorraren barnean. Emeki-emeki naturari eta laborantzari lotua den turismoa garatu nahi dugu.

Orduan, turismoa iraunkorra eta jasangarria izateko beharrezkoa da lurralde osora zabaltzea.

Hori da. Proposamena da erakustea eta antolatzea barnealderako eskaintzak, eta erratea: “Euskal Herria ez kostaldea bakarrik”. Ikusten dugu kostaldean prezioak geroz eta gorago joaten direla, hondartzak ere zenbait aldiz hesten direla, geroz eta beroago dela... orduan, bada jendea geroz eta gehiago xerkatzen duena agroturismoa, laborantzari lotua den turismoa. Oreka hori nahi dugu, erran nahi baita, kostaldean ez sobera jende, eta barnealdean proposamenak izatea.

"Barnealdean turismoa izan dadin proposamenak egin behar dira, adibidez, mendian. Bi egunen buruan Xiberoan bizikletaz egiteko kasik hogei ibilaldi berri aurkeztuko ditugu"

Turismoak zenbait gairi buruzko tentsioak sortzen ditu Ipar Euskal Herriko biztanleen artean, adibidez, etxebizitzari buruzkoak.

Gure estrategia argia da. Erronka batzuk badira. Lehena, klima aldaketari lotua dena, profesionalak horretan laguntzea. Bigarrena, biztanleen bizi kalitatea bermatzea. Horretarako, fluxuak erregulatu behar dira. Biztanleen baliabideak zaindu behar dira, bistan da, etxebizitza hor delarik. Turismo politikak Airbnb eta plataforma horien kontrako konpentsazio sistema ezartzen parte hartu du. Beraz, gu ere etxebizitza politiken ondoan ginen errateko: “Etxebizitzak biztanleentzat izan behar dira”.

Urte bukaeran izanen ditugu emaitza zuzenak, baina, ikusten dugu hotelak geroz eta gehiago betetzen direla; eta ikusten dugu nahiz eta Airbnb proposamenak tipitu jendea etortzen dela [Ipar] Euskal Herrira. Ez du horrek zalantzen ezartzen turismoa.

Beste gai batzuekin ere tentsioak sor daitezke, adibidez, enpleguarekin. Sasoirako lanpostu asko sortzen dira, ondotik ez direnak urte osora luzatzen.

Ikusten dugu sasoilarientzat etxebizitza alokatzea geroz eta zailagoa dela; beraz, entseatzen gara hori konpontzen, baina enpresek ere hartzen dute beren gain antolakuntza hori: geroz hotel edo ostatu gehiago ikusten ditugu beren langileak atxikitzeko lo egiteko toki bat proposatzen.

Hala ere, ikusten dugu Ipar Euskal Herri mailan turismoak lan postuekiko eragin positiboa duela. Gure kezka batez ere baliabideei buruzkoa da; baliabideak zaindu behar ditugu, biztanleek babestuak senditu behar dute, eta ez dute turismoa hain azkar senditu behar. Geroz eta jende gehiago bada urtean zehar, eta udan gainturismoaren sentimendu hori apaldu da.

Beraz, turismoa lurralde osora hedatu behar den gisa berean, urte osora ere zabaldu behar da.

Hori da gure helburu handiena. Fluxuak antolatzea garrantzitsua da, baita herriak laguntzea ere. Adibidez, bide batzuk desbideratzen laguntzen ditugu Waze aplikazioaren bidez. Garraio sindikatuarekin batera lantzen ditugu gauzak.

Gauza bat azpimarratu nahi dut: turismoa ez da aparte eramaten den politika bat. Politika hori uztartua eta lotua da beste politika guziekilan. Adibide konkretu bat hartzeko, geroz eta gehiago begiratzen dugu zer gertatzen den hondartza bateko aparkalekuan, eta horren arabera, hobeki jakinez zer gertatzen den, antolatzen ditugu autobusaren maiztasunak.

Ikusten dugu urarekin lotua dela turismoa, hondakinen politikaren lotua dela, mugaz gaindiko politikarekin harremanean dela... Ez da sail ekonomiko berezi bat, ez da horrela kontsideratu behar. Turismo politika ez da turismo aktoreentzat bakarrik egin behar, lurraldearen zerbitzurako baizik. Gure estrategian hori azpimarratzen dugu.

Beste politikekin, adibidez, ur politikarekin, so egiten dugu ea denentzat aski ur badenez. Hor ere, ez dugu turismoa eta zenbakiak bakarrik aipatuz begiratzen, baizik eta ikusiz gure baliabideak zertan diren.

Ikusten dugu urarekin lotua dela turismoa, hondakinen politikaren lotua dela, mugaz gaindiko politikarekin harremanean dela... Ez da sail ekonomiko berezi bat, ez da horrela kontsideratu behar

Jadanik aipatu duzu konpentsazio legea, baina, horrez harago, zein urrats egin ditu Euskal Hirigune Elkargoak turismo iraunkor eta jasangarrirantz?

Lehenik, behatoki bat plantan ezarri du, hobeki ikusteko aktoreek ura nola hartu eta baliatzen duten. Ur gutxiago erabiltzen laguntzeko sistemak antolatuko ditugu orain. Izan daiteke ere garraio sindikatuarekin eginiko lana, hau da, garraio politikekin. Adibide zehatz bat: aurten plantan ezarri dugu Donibane Garazitik edo Atharratzetik Iratira joateko autobusa, jendeak ez dezan autoa hartu.

Tira, horrelako gauza tipiak badira. Proposamenak ere aipatu ditugu, adibidez, fluxuak antolatzeko barnealdean proposamenak egitea: bizikleta ibilaldiak plantan ezartzen ditugu, ibilaldi zirkuitu gehiago proposatzen ditugu lurralde osoan edota agroturismo proiektuak 50.000 euro arte laguntzen ditugu. Adibideekin jarraituz, plantan ezarri dugu tokiko labela. Hor badira 30 ostatu jatekoa ematen dutenak eta kalitatezko ekoizpen edo mozkinak proposatzen dituztenak, eta zorrozki segituak dira. Laborantza politika arloarekin eta langileekin landu dugu hori. Honek guztiak lurraldearen proiektu orokor baten zerbitzurako parte hartzen du, fluxua eta jendea Euskal Herri osoan banatzeko.

Lehen urrats batzuk egin dira turismo iraunkor eta jasangarrira bidean, baina, zein dira aurrerantzean eman beharreko pausoak?

Ondoko urratsa orain artekoa geroz eta gehiago bultzatzea da. Ondoko urratsetako bat ere klima aldaketari buruzko ikerketa izanen da. Bagara hamar bat lurralde Frantzia mailan hautatuak izan garenak ADEME agentziarekin (trantsizio ekologikorako agentzia), ikusteko turismoa eta klima aldaketaren arteko harremana nola kudeatu. Beraz, ondoko urratsa izanen da biharko turismoa nolakoa izanen den ikustea, nola egin geroz eta gehiago baliabide guziak zainduz. Turismoa Ipar Euskal Herri mailan hedatzea eta udan gutiago izatea da gure helburua, lau urtaroak baliatuz.

Garrantzitsua izanen da ere lurralde osoa irabazle izatea. Adibide konkretu bat hartzen dut: turismoak emandako diruarekin Euskal Herriko paisaia egiten duten proiektuak finantzatuko ditugu. Mendiko sindikatuak laborantzaren mesedetan egiten dituen lan batzuen finantzaketa turismoak lagunduko du. Hori ez da ikusten beste lurraldeetan.

Beraz, ondoko urratsa gure estrategiak biltzen dituen sailetan urrunago joatea izanen da, beti baliabideak beharko ditugula pentsatuz, bai ura, bai gure paisaia, bai hondakinak. Guzi horiek zaindu beharko dira. Turismoa aipatzean ez dira zenbakiak eta zenbat jende etorri den bakarrik erran behar, baizik eta gure lurraldeak nola jasaten ahal duen jende hori guzia, eta jendea nola inplikatzen ahal den turismo eta lurralde mailan.