
Datorren astelehenean, martxoaren 10ean abiatuko da antxoaren kanpaina. Atzo bildu zen Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa sektoreko eragileekin, eta antxoaren kupo sistema aldatzeko proposamenak eztabaidatu zituzten.
Kuoten egungo sistema mantenduko dute oraingoz, ontzi bakoitzeko kupoa zehaztuta, baina maiatzean sistema alda dezaketela adostu dute. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi du Bizkaiak eta Gipuzkoak bestelako kupo batzuk nahi dituztela.
Kantauri itsasoko arrantzaleek kuota kofradien artean banatzeko sistema batean oinarritzea nahi dute. Espainiako Ministerioak, ordea, itsasontzi bakoitzeko eguneroko arrantzari muga batzuk ezartzen dizkio. Neurri hori Opescantabrico Kantauriko Arrantza Ekoizleen Erakundeen Elkartearekin adostutakoa da, zeinak antxoa ontzien %90 ordezkatzen duen.
Ministerioak onartu du arrantza kudeatzeko aukerarik egokiena akordio batean oinarritu beharko litzatetekeela eta prest agertu da baldintza berriak negoziatzeko. Kupo sistema, beraz, aldatu daiteke, baina kanpainari orain arteko sistema oinarri duela ekingo diote.